Iñakiren bideak mendi-bizikleta martxa Zarauztik igaroko da asteburu honetan. Errepide istripuz hil zen mendiko txirrindulari Iñaki Lejarreta duela lau urte, eta haren omenez, familiartekoek, lagunek eta mendiko bizikletako hainbat taldek egitasmo hau antolatzen dute urtero, haren urtebetetzen egunaren bueltan (irailak1).
Martxa etapaz etapa egingo da, etenaldirik gabe eta errelebuka. Larunbatean hasi eta igandean bukatuko da, eta abiapuntua eta helmuga Berriz izango da, Lejarretaren jaioterria. Euskal Herriari bira emango diote, bederatzi etapatan banatuta: Berriz-Landa, Landa-San Roman, San Roman-Larraona, Larraona-Izkue, Izkue-Doneztebe, Doneztebe-Hondarribia, Hondarribia-Zarautz, Zarautz-Olatz eta Olatz-Berriz, hurrenez hurren. Guztira, 449 kilometro osatuko dituzte, 12.853 metroko gorabehera positiboarekin.
Lekukoa Talaimendin
Etapa bakoitzean talde arduradun batek eramango du lekukoa, eta Zarautzen herriko mendi-bizikletazaleek hartuko dute Talaimendi gainean, igandean (irailaren 4ean), 08:00etan. Ordu laurden lehenago jarri dute hitzordua, eta Zarauzko nahiz inguruko txirrindulariak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera; ez da lasterketa bat, eta ez da izenik eman behar.
Oiartzuarren eskutik jasoko dute lekukoa, eta Mutrikuko Olatzeko ermitara arte eramango dute. Zailtasun ertaineko etapa izango da, 36 kilometrotakoa, eta ibilbidean, Santa Barbara, Zumaia, Elorriaga, sakoneta, Itziar eta Debako mendi bideak zeharkatu dituzte. Itziarren eta Olatzen anoa postuak egongo dira, baita Talaimendi gainean ere, Gran Camping Zarautzen eskutik.
Itzulera bakoitzak bere kabuz egin beharko du, baina antolatzaileek aholkatzen dute Debara jaitsi eta trena hartzea. Ibilbide osoa egiteko asmoa ez dutenek mendiz edo errepidez bueltatzeko aukera izango dute Zumaia, Elorriaga, Itziar edo Debatik.
Egitasmoak Lejarreta bezala errepidean bizitza galdu duten bizikletazaleak gogora ekarri nahi ditu. Hori dela eta, txirrindulari eta garraiobideen arteko 1,5 metrotako segurtasun tartea gordetzea eta errepidean denentzako espazioa zaintzeak duen garrantzia aldarrikatu nahi izaten dute urtero.