Udal kiroldegiko ikastaroen zozketan izena emateko azken egunak

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 1a, 10:00

Hainbat eskaintza berri prestatu dituzte ikasturte honetarako; besteak beste, jump-fit jarduera emango dute estreinakoz.

Eskari-kopurua plaza-kopurua baino handiagoa izaten denez, zozketa bidez erabakitzen dira Aritzbatalde kiroldegi ikastaroetako plazak. Zozketan izena emateko azken eguna irailaren 4a izango da helduentzat, eta irailaren 11 haurrentzat. Lehorreko ikastaroekin irailaren 19an hasiko dira, eta igerilekukoekin, berriz, urrian.

Urtero bezala, ikastaro eskaintza zabala eskainiko du 2016-2017 ikasturtean. Hainbat intentsitateko jarduerak prestatu dituzte –gorputza orekatzekoak, aktibatzekoak, indartzekoak eta uretakoak–, ordutegi ezberdinetan eta herritar profil orori zuzenduta.

Aurten jump-fit izeneko jarduera berri bat izango da aukeran; hau da, musikaren erritmora ohe elastiko baten gainean salto eginez sasoian jartzeko aukera. Horrez gain, ikastaro berriak ere badira: 30 minutuko hipopresiboak, 14 urte artekoentzako igeriketa, 14 urte azpikoentzat zumba eta haurtxoei zuzendutako asteburuetako ur jarduerak asteazkenetan ere egingo dituzte. Eta badira jarduera konbinatuak –spin-tonif, spin-body pump eta eskaintza berria den spin-jump bezalakoak– eta hasiberrientzako pilates saioak ere.

Irailaren 19tik 24ra ate irekiak egingo dituzte, jarduerak probatzeko aukera eskainiz. Gainera, doako kirol aholkularitza zerbitzua eskaintzen du kiroldegiak. Edozein argibidetarako 943-00 51 23 telefonora deitu daiteke edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzi.