Enpresei eta ekintzaileei laguntzeko 150.000 euroko laguntza onartu du Udalak

Zarauzko hitza 2016ko ira. 14a, 14:47

Ekintzailetasuna bultzatzeko, enplegua sortzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntza partida onartu du Zarauzko Udalbatzak EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Denera 150.000 euro banatuko ditu Zarauzko Udalak enpresa eta ekintzaileen artean, eta deialdian parte hartu nahi dutenek irailaren 30a bitartean izango dute eskaera egiteko aukera Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Hiru lerro zehaztu dituzte. Alde batetik, enpresa proiektu berriak landu eta sortzeko laguntza emango dute. 2016an alta emanda dauden eta egoitza fiskala Zarautzen duten enpresek parte hartu dezakete.
Bestetik, lanpostuak sortzeko laguntza ere emango du Zarauzko Udalak. Langilea kontratatu duen enpresak, edo autonomo bezala alta eman duen ekintzaileak jasoko dute laguntza. Kontratuen iraupena gutxienez lau hilabetekoa izan behar du, eta lanaldiak gutxienez %75ekoa. Autonomoen kasuan laguntza jasotzeko altan egon beharko dute gutxienez hamar hilabetez.

Horretaz gain, inbertsioetarako laguntzak ere emango dituzte. Diruz lagundutako inbertsioek 2016an egindakoak izan beharko du, eta gutxienez 2.000 eurokoa izan.

Oinarriak, bete beharreko baldintzak eta eskaera egiteko eredua Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean daude eskuragarri. Diru-laguntza lehiaketa bidez emango dituzte.