Sofia Avramidouk irabazi du Francisco Escudero Lehiaketa

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 19a, 09:37

Larunbatean egin zuten sari banaketa ekitaldia, Modelo aretoan.

Musikagile greziarrari egokitu diote lehen saria, akordeoirako eta klarineterako VoCx lanagatik. Horri esker, konposizioaren argitaratzea eta 1.500 euro bereganatu ditu Avramidouk. Bigarren saria Laurent Melin frantsesarentzat izan da, …ainsi qu’anx plus beaux jours izeneko lanagatik, eta honek 500 euro jasoko ditu. Carlos Nuñezen Réflexions sonores lanari aipamen berezia egin zioten, eta sari gisa konposizioa estreinatzeko aukera izango du.

Epaimahaia Jose Manuel Lopez Lopez, Maria Eugenia Luc eta Zuriñe Fernandez Gerenabarrenak osatu dute. Aurtengoa Francisco Escudero Akordeoi Konposiziorako Lehiaketaren bederatzigarren ekitaldia izan da, eta, urtero bezala, nazioarteko musikagileek hartu dute parte; Euskal Herrikoez gain, Grezia, Frantzia, Espainia, Ukraina, AEB, Argentina, Errusia, Bosnia eta Serbiakoek.

Ekitaldian zuzeneko musika ere izan zen. Stephan Storken Botschaft pieza jo zuten Maria Zubimendi, Agate Amilibia eta Maddi Sanzek, eta bakarka, Maria Zubimendik German Moreno Brullen Refrán interpretatu zuen eta Ander Telleriak iazko aipamena jaso zuen Onur Dülgerren Il futuro del passato non realizzati.