EAJko udal taldeak "azken urteetan landutako proiektu garrantzitsua" aurkeztu berri du, Mugikortasun Astearen barruan: tren geltoki berriaren egitasmoa. Xabier Txurruka alkateak aurreratu du "hirigintza aldetik iraultza" ekarriko duela. "Herriko hegoaldea eta iparra lotuko baititu".
Santa Klarako pasabidea lizitatzera doaz, komentu pareko obrak martxan daude eta Euskal Trenbide Sareak Azken Portu Goiko igogailua baimendu du, eta horri lotuta eman nahi izan dute egitasmo urbanistiko horren berri. "Proiektu honen xedea egungo geltokia bota eta berria egitea da", zehaztu du Txurrukak. Izan ere, egungo eraikinak gabeziak ditu, haren arabera: "Batetik, Bilbora doan trena hartzeko trenbidea gurutzatu beharra dago. Bestetik, irisgarritasun aldetik bere zerbitzua ematen duen arren, zer hobetua baduela pentsatzen dugu, batez ere, hegoaldearekin lotura lortze aldera".
Salberdingo urbanizazio proiektua xehetzen ari direla jakinarazi du, eta "asmo handiko" egitasmo hori mahai gainean jartzeko garaia dela. "Salberdingo eremua eta Lapurdi zein Zigordia kaleak lotzeko azpibide bat egitea aurreikusten dugu, geltokiarekin batuko dena. Santa Klarako azpibideak garrantzi handia du, egunero hainbat eta hainbat pertsona pasatzen direlako bertatik, baina pentsatzen dugu geltoki berri hau egiteak hirigintza aldetik iraultza ekarriko duela Zarautz mailan, iparra eta hegoa lotuko direlako".
Tren zerbitzu beharrak
"Geltoki modernoa" izango da, "zerbitzu guztiekin". Eraikin berria bi trenbideen artean eraikiko dute, eta modu horretan, ez da trenbiderik gurutzatu beharko Bilbo aldeko nasara heltzeko. Horren azpian egingo dute pasagunea, eta igogailu zein eskailerak atonduko dituzte bertatik geltokira igo ahal izateko, eta alderantziz. Azpigunea "gorabehera eskasekoa" eta "nahiko zabala" izango da, 8 metro inguru izango ditu, oinezkoak zein bizikletaz doazenak pasatu ahal izateko. Zabala izanik, irisgarritasun ez ezik, segurtasuna ere bermatuko duela nabarmendu du alkateak. "Gure ustez, XXI. mendean Zarautzek merezi duen azpiegitura da honakoa".
Dagoeneko aurkeztu diote ETSri proiektua, eta Jose Sabas ETSko zuzendari nagusiak adierazi du "oso interesgarria" dela, eta horregatik "ezbairik gabe" onartu dutela. Bidea "konplexua" izan dela aitortu du, "ez baikenuen edonolako pasabidea egin nahi; irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoa baita". Edonola ere, egitasmo horrek zarauztarrek izan ditzaketen tren zerbitzu beharrak bermatuko dituela nabarmendu du.
Aurreikusi dute 2017an idatziko dutela proiektua, 2018an martxan izango direla lanak eta 2019ra eginda egongo dela geltoki berria zein azpiko pasabidea.
Mitxelena kaleko pasagunea
Agerraldia aprobetxatuz, alkateak aurreratu du aurkeztu berri dutena ez dela udalerriko hegoa eta iparra lotzeko esku artean duten proiektu bakarra. "Etorkizunera begira, beste lotura transbertsal bat egin nahiko genuke, hain zuzen ere, Mitxelenan". Agintaldiko planean jasoa dutela gogoratu du, eta bizilagunei "zor" dietela. "Apurka-apurka joango gara, baina lanean jarraituko dugu Mitxelenako pasabidea ere egiteko".