80ko hamarkada bukaeran Kiowak taldean hasi zen bateria jotzen, Iñaki Brakamonte eta Fermin Iraola lagun zituela. Taldeak disko kolektibo batean hartu zuen parte, beste hiru talderekin batera: Julio Kageta, SS-77 eta Pottoka. Oihuka argitaletxeak kaleratu zuen 1990ean, eta Kiowaken Bizitza Aurrera Doa eta Dirua Jainko abestiak jaso zituen. Horrez gain, Mikel Laboaren omenezko Txerokee diskoan hartu zuten parte urte horretan, Baga, biga, higa abestiaren moldaketa eginez.
90eko hamarkada bukaeran, Arakajun taldea sortu zuen Tximasek, Brakamonte eta beste musikari batzuekin batera. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik, bi disko eman zituzten argitara: Arakajun (1998) eta Festa (2001). Musika tresnak egiten eta sortzen ere iaioa zen Tximas; esaterako, berak sortutako kontrabaldea –balde batekin eginiko kontrabaxua– erabili izan zuten Arakajun taldean.
Horrez gain, hainbat talderekin kolaboratu izan du. Azkenetariko elkarlanak Bluestock taldearekin egin zituen duela lau urte; Bi pauso diskoa grabatzen lagundu zien, eta izen bereko abestian jo zuen.