Imanol Urbietaren heriotza

Iosu Txapartegi 'Txapas': “Okina izan zen; haurrei kanturako ogia ematea zuen helburu”

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 28a, 15:59

Urbietak egindako ekarpena “altxor bat" da.

“Imanol Urbietak bazuen helburu bat: beste era bateko pertsona izatea”. Banku batean lan egin zuen, baina konturatu zen nola zen gure herria, eta batez ere, nola zegoen, zein egoeretan. “Euskara kaleetatik desagertzen ari zen, eta erdal giro oso gogorra zegoen”. Urbietak Arantzazun ikasi zuen, eta herrira itzuli zenean , “segituan” sartu zen euskal giroan. “Bere aukera hori izan zen: okina izatea, haurrei kanturako ogia ematea. Eta hori bete du goitik behera”.

Hala ere, esku artean proiektu bat zuela joan da. “Azken boladan, buruan bazuen proiektu bat. Hain zuzen ere, haurrei nola erakutsi gure historia”. Iosu Txapartegi Txapas-ek jakinarazi du 15 bat abesti berri zituela prestatuta umeei irakasteko zer den sua, zer den egurra, zer den basoa, zer den eguzkia...”Bere bizitza osoan eraman du ildo hori hil den arte”.

Hori izan baita bere ekarpen handienetakoa: euskalgintza bultzatzea. Eta bestea, pedagogia. “Gaur irratian entzun diot irakasle bati, gaur egungo pedagogiak egon behar duela haurrarengan zentratua. Hori zen, hain justu, Imanolek egin zuena: haurren beharretara egokitu bere lana eta haien zerbitzura jarri pedagogia. Aitzindaria izan zen, eta modu naturalean egin zuen, gainera. “Buruan izan du beti euskal haurrari beharrezkoa ematea, biharko euskal heldu hori ongi prestatuta egon dadin, euskaltasun eta irekitasunetik”.

1974-75ean ezagutu ziren. Txapas bera ere kezka bertsuekin zetorren komentutik, eta zineklubean egin zuten topo. Ordutik, bizitza guztian zehar mantendu dute laguntasun zintzoa. Eta beti aritu dira proiektuetan elkarlanean. Esaterako, Kalera, kalera amnistiarekin aldeko abestia sortu zuten elkarrekin. “Beti akordatzen ginen kanta horrekin biok”. Hori dela eta, Kontxi Aizarna Urbietaren emazteari zera eskatu dio: “Jendaurrean jartzen dutenean, kanta hori bere ondoan jartzeko”. Paper zahar batean dago jasota, Urbietak berak idatzita.

Astero biltzen ziren Txapas eta Urbieta, eta gaur ere, izan du pare bat muxu emateko aukera ospitalean. “Atzo arnasa fina zeukan, ez zegoen ondo eta gaur goizeko 11:00ak aldera joan da. Pozik, bere senitartekoez inguratuta”. Izan ere, hainbat eta hainbat pertsonen maitasuna jaso zuen, Txapasek gogoratu duenez, eta ondorioz, “galera handia” izan da. “Dudarik gabe, hor geratuko da urte askotarakoko, klasiko bat bihurtuko da haurrentzat sortutako 1.000 eta piko abestiak”. Urbietaren ekarpena “altxor bat" baita.