Imanol Urbietaren heriotza

Xabier Txurruka: "Gure herriko Musika Plazan biziko zara betirako, Manolo!"

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 28a, 16:47

Zarauzko alkatea Imanol Urbietaren eskolan ibilitakoa da eta alkate bezala ere hainbat oroitzapen ditu, besteak beste, sanpelaioetako Haurren Danborradan bizitakoa.

"Manolok utzi gaitu, baina sortzaile, pedagogo, musikari eta euskatzale bezala herriari utzi dion altxorrak betirako iraungo du". Xabier Txurruka alkateak gogoan du haurra zela, Zarauzko ume asko elkartzen zirela txerrikaleko Xirula Mirulan, "Manoloren inguruan", bere abestiak kantatzeko. "Han ziren Jose Antonio [Azpeitia] eta Kakax, Kokox eta Kirriki, besteak beste".

"Handitzen handitzen, otartekoa esku batean eta bestean txistua genuela abiatzen ginen musika eskolakoak Atotxara, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi... Haurren agerraldian berak konposatutako piezak jo izan ditugu herriko haur ia guztiok", oroitu du. Zarauzko eta Euskal Herriko haur gehienen musika bizipenak Urbietari zor zaizkio Txurrukaren arabera.

Alkate bezala ere baditu oroitzapenak: "Azken sanpelaioetan ohore handia izan da niretzat Manolo Haurren Danborrada bizitzera udaletxeko balkoira gonbidatu ahal izatea. Berarekin bertan bizi izan genituen uneak bihotzean gordeak ditut, betirako". Urbietak hainbat omenaldi eta aitortza jaso ditu, baina, berak bat nabarmendu du: "Alkate bezala, gogora ekarri nahi dut 1996.urtean Zarauzko Udalaren Kultur Merezimenduaren domina jaso zuela". Halaber, gogoratu du aurreko agintaldian martxan jarritako musika eskolak "bere izena zaindari izatea" aho batez erabaki zela.

"Gure herriko Musika Plazan biziko zara betirako, Manolo! Gugan bego".