Bi kaleratze «bidegabe» salatu ditu KSB Itur-eko langileen batzordeak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko ira. 29a, 15:47
Ezkerretik hasita, KSB Itur-eko enpresa batzordeko ELAko Iñigo Aizpurua, Xabier Maiz, Aitor Salaberria eta UGTko Mikel Ponga (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Horren atzean, zuzendaritzaren «mendeku eta mehatxu izaera» dago ELA, LAB eta UGTko ordezkarien ustez. Astelehenean lan uztea eta manifestazioa egingo dituzte, enpresatik udaletxera.

KSB Itur-eko langileen batzordea osatzen duten ELA, LAB eta UGT sindikatuek «gizatasun gabeko» enpresak egindako kaleratzeak salatu ditu. ELAko Iñigo Aizpuruak, Xabier Maizek zein Aitor Salaberriak eta UGTko Iñigo Zubizarretak  agerraldia egin zuten asteazkenean ELAk Zarautzen duen egoitzan—LABeko ordezkari Iñigo Zubizarretak ezin izan zuen bertaratu—, eta nabarmendu zuten «denbora asko» daramatela «zuzendaritzaren alde bakarreko erabakiak» jasaten, eta orain bi langile kaleratu dituztela, «arazo estrukturalak» argudiatuz. Hain arabera, ez dira «nolanahiko» kaleratzeak izan, baizik eta, «printzipio eta balore guztiak hautsiz, mendeku gosez eta mehatxu izaera garbia» dutela. Kaleratuak 12-13 urte inguru zeramatzaten lanean enpresan eta zarauztarrak dira biak. Jakinarazi zuten kalte ordainak ordaintzeko prest agertu dela enpresa, baina ez dituztela onartuko «halako kaleratze traumatikorik».

Jakinarazi zuten zuzendaritzak «alde bakarrez» martxan jarri nahi izan zituela malgutasun neurri batzuk. «Dirudienez, lan karga gutxiago zegoen eta langileei ordu gutxiago egiteko esan zuen. Guk esan genion lau-bost urte daramatzagula soldatak izoztuta eta hitzarmenik gabe, eta beraz, legeak esaten duena bete behar zuela.  Proposamenak egin genizkion, baina erabakia hartu zuen».

Salaketa jarri zuten orduan, eta langile batzordearen aldeko epaia eman zuen epaileak. Horren aurrean, zuzendaritzak neurriak hartuko zituela esan zien langile batzordeko kideei. «Norbaitek sufrituko zuela», alegia. Horregatik, «bi kaleratze bidegabe» horien atzean  «mendekua» dagoela esan zuten. Hala, zuzendaritzari jakinarazi diote ez dituztela «inondik inora» onartuko bi kaleratzeak eta prest daudela alternatibak landu zein irtenbideak aurkitzera,  baina aurrez kaleratuak  ber hartu beharko dituela.

Ezezkoa erantzun die zuzendaritzak: «Kaleratuak kalera eta ondoren hitz egiteko prest egongo zela esan zigun». Hala,  bi langileak «modu traumatikoan» kaleratu dituela salatu zuten. «KSB Itur multinazional bat da, eta plan bat bazegoen pertsonal gastuak murrizteko. Murrizketa horiek, ordea, modu ez traumatikoan egingo zirela esan ziguten, prejubilatuekin adostuta, baja boluntarioak kontuan izanda, eta abar». Horrez gain, enpresa batzordekoekin adostuko zutela esan zieten. «Ez digu aukerarik eman gauzak hitz egiteko. Guk proposamenak baditugu, baina ez gaituzte ezta entzun ere egin».


Mobilizazioak

KSB Itur Zarauzko enpresa handienetariko bat da, eta egun 265 langile inguru ditu. Duela lau urte erabaki zuten «gure produktuak kendu eta multinazionalekoak sartzeko». Fakturazioa «oso ona» dela diote, baina bertan lan gutxiago dagoela. «Arazo estrukturalak» egon badaude, eta horregatik, kaleratze gehiago egon daitezkeela diote.

Ez dute  «inondik inora» halakorik onartuko halako jokabiderik, eta mobilizazioak antolatu dituzte. Lehenbizikoa astelehenean egingo dute. Bi orduz lan uztea egin, eta manifestazio bat abiatu enpresatik udaletxe parera. «Alde batetik, gure lanpostuak defendatzeko, kaleratuei elkartasuna adierazteko eta horiek ber hartzeko eskatzeko; eta bestetik, enpresari langileekiko eta bere ordezkariekiko errespetuzko jarrera aldaketa exijituko dugu». 11:00etan abiatuko dute  mannifestazioa enpresatik.