Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Azoka egingo dute larunbatean

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 5a, 12:00
Kooperazio zinegotzi Pablo Garcia eta Zarauzko Solidaritate Koordinadorako kideak (Aritz Mutiozabal).

Denetariko 17 egitasmo eta proiektu aurkeztuko dituzte.

Hirugarren urtez, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Azoka egingo du Zarauzko Solidaritate Koordinadorak larunbat honetan. Pobreziaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu ohi dute, "pobreziaren aurka gure ingurutik eta egunerokotik jarduteko".

Goiz eta arratsaldez egongo da zabalik azoka, Lege Zaharren enparantzan: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Hainbat postu paratuko dituzte, eta horietan 17 talderen egitasmoak eta proiektuak aurkeztuko dituzte: Goiener, Fiare, Emaus, OikoKredit, Tumaini eta Lakarikoak, besteak beste.

'Astral' dokumentala

Kontsumoarekiko sentzibilizazio egitasmo horretaz gain, errefuxiatuen egoera lantzea beharrezkotzat jo du koordinadorak. Hori dela-eta, Hotz Zarautz elkartearekin elkarlanean, La Sexta kateko Salvados telesaioko Astral dokumentala emango dute hilaren 12an eta 13an, 19:30ean hasita, Modelo aretoan; espainiar estatuko beste hainbat tokitan botako dute aste horretan, telebistan eman aurretik. Sarrerak 5 euro balio du, eta bildutako dirua Pro Activa Open Arms gobernuz kanpoko erakundera bideratuko dute.

"Filmarekin eta azokarekin Zarauzko herritarren eskura ipini nahi ditugu mundua hobetzeko tresnak. Mundua ez dugu iraultza handiez aldatuko, gure inguruko eta etxeetako iraultza txikiz baizik", azaldu dute Zarauzko Solidaritate Koordinadorako kideek.