Irabazi Zarautz: "Udal gobernuaren proposamenak aurten ere atzera eta eskuinera darama herria"

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 6a, 16:18

Herritar guztiak kontuan hartzen dituen fiskalitate justu baten proposamenean sinisten dutela diote.

Osteguneko Osoko Bilkuran onartu zituen behin behinean 2017rako ordenantza fiskalak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu kontra agertu zen eta Irabazi Zarautzek, berriz, boto partikularra eskatu zuen. Horrek "Udal Gobernuaren ordenantzetan zenbait aldaketa proposatzen zuen, fiskalitate justu eta progresibo bat lortzeko helburuarekin.

Nabarmendu dute Udal Gobernuak %0,7ko igoera proposatu duela, "uztaileko urteko azpiko inflazio tasaren aitzakiarekin". Azaldu dute udalak abuztuko KPIa erabili ohi duela tasak eta zergak eguneratzeko, eta hori aplikatuz gero, %0,1 jaitsiko liratekeela prezioak. "Gure ustez, KPIak hobeto islatzen du prezioen garapena Udal Gobernuak erabilitako tasak baino".

Harago, gogoratu dute soldatak izoztuta jarraitzen dutela eta Euskadin, bataz beste, 16 euro jaitsi direla. "Gure ustez, ez dago justifikaziorik proposatzen den igoera onartzeko". Zehaztu dute "KPI txarrarekin tasa eta zergak igotzen diren bigarren urtea izango dela jarraian". Hori dela eta, gainontzeko zerga, tasa eta prezio publikoak izozteko eskatu dute.

Bigarren etxe hutsei errekargua

EAJk eta PSE-EEren proposamenak "aurten ere atzera eta eskuinera darama gure herria", Irabazi Zarautzen arabera. Herritar guztiei zergak eta tasak igo nahi dizkiela salatu dute, baina "aurten ere, gehien dutenek gutxiago ordainduko dutela, Udal Gobernuak ez dielako ezarri bigarren etxe hutsei errekargurik".

Horren aurrean, Ondare Higiezinen Zergari lotuata bi errekargu mota proposatu dituzte: batetik, %150eko gainordaina etxe hutsei, eta bestetik, %75eako gutxi erabiltzen direnei. "Horrek etxebizitza parkeak duen aktibo soziala indartzen lagunduko dute eta, aldi berean, bestelako politika sozialak indartzeko baliabide ekonomikoez hornituko dute udala".

Etxe hutsei %150eko errekargurik ez jartzea etxebizitza politikaren aurka doala uste dute. "Oraindik ere ez dute jarri martxan gobernuaren etxebizitza politika". Jakinarazi dute irailaren 19an Gobernu BatzordeaK Zarautz Lurrekin akordio bat sinatzeko oniritzia eman zuen, erakunde publikoa arduratu dadin etxe hutsak alokairuan jartzeko diru-laguntzak emateko izapideak egiteko. "Ez dakigu zein erantzun izango duen, baina zalantzak ditugu arrakasta izango duen ala ez".

Hondakinen tasaren igoera

Ordenantza fiskaletarako beste hainbat proposamen ere egin dituztela gogoratu dute, baina Udal Gobernuak ez dituela jaso. Besteak beste,  birgaikuntza obretan zerga-tipoa %3ra murrizteko, etxebizitzen birgaikuntza bultzatzeko, eta zaborraren tasan hobari berri bat sortzeko, autokonpostaje programan izena emanda daudenentzat.

Izan ere, hondakinen tasa %5 igoko dela diote, "defiziotarioa delako aitzakiarekin". "Hala da, baina iaz esan genuen moduan, horren atzean azpiegitura erraldoi bat dugu, baliabideak erre nahi dituen azpiegitura, gure lurraldea kutsatu nahi duen azpiegitura, kontsumismo eroa bultzatu nahi duen azpiegitura: errauste planta".

Uste dute herritarrak eta hondakinak kudeatzen lan egiten duten teknikariak hezi egin behar direla, eta horrekin lotuta, Zarautzen Hondakinen Mahaia martxan jarri behar dela. "Herritar guztiak kontuan hartzen dituen fiskalitate justu baten proposamenean sinisten dugu".