'Zarautz Txiki abesbatzaren 30 urteak' liburua aurkeztuko dute hilaren 14ean

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 8a, 16:53

Ekitaldia Modelo aretoan izango da, 20:30etik aurrera.

Ekitaldi berezia egingo dute urriaren 14ean, datorren ostiralean, Modelo aretoan. Hain zuzen, Zarautz Txiki abesbatzaen 30 urteko ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute. Xabier Etxabe zarauztarrak osatu du, eta horren nondik norakoak azalduko dituzte. Horrez gain, azken 30 urteetako argazkiak ere erakutsiko dituzte. 

1983an sortu zuten txikien abesbatza Zarautzen, duela 33 urte, baina liburuan azken 30 urteetan izandako ibilbidea jaso dute. "30 urte Zarautz Txiki abesbatzaren bizitzan ez dira erraz kontatzekoak", adierazi dute arduradunek; izan ere, urteotan herriko haur eta gazte ugarik hartu dute parte abesbatza horretan, eta "kantuaren grina modu batera edo bestera barneratzeko adina jarduera eta emanaldia izan dituzte urte hauetan". Hori dela eta, noiz edo noiz Zarautz Txiki abesbatzan kantatu dutenak ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte.