Etxeko lanekin laguntzeaz gain, ikaslen integrazio osoa bultzatuko du Ikaslagunek (Nerea Uranga).

Irakasle ohi talde batek Ikaslagun sortu du, udalak bultzatuta. Helburua da ikasketekin laguntza behar eta hori jasotzeko aukera ez dutenei zerbitzua ematea 

Ikasketetan laguntza behar baina laguntza hori jasotzeko aukerarik ez dutenei zerbitzua eskaintzeko helburuarekin sortu dute Ikaslagun taldea. «Mila arazo direla medio, jende askok ez du laguntza hori jasotzeko aukerarik. Arreta berezia eta eskolak emango diegu pertsona horiei, eskola orduetatik kanpo», adierazi du Iñaki Azkune proiektuko koordinatzaileak. Uste dutelako «hezkuntza erronka nagusia dela gure gizartean».

Horri lotuta, Safe The Children erakundeak duela gutxi argitaratutako txostena ekarri du gogora. «Euskal Herrian gauza asko ongi egiten ari dira; esaterako, eskolako porrota Europa mailakoa baino murritzagoa da. Baina, txostenean oinarrituta, arrisku bat badago: krisiaren ondorioz, gizartean geroz eta desberdintasun handiagoa ari da ematen, eta horrek eragina du ikasleen artean ere». Txostenaren arabera, 5 ikasleetatik 1 baztertze egoeran dago, eta Ikaslagun taldeko kideek puntu horretan kokatu nahi dute euren lana.

«Baztertze arriskuan, ikasketaren trena galtzeko arriskuan dauden ikasleei laguntza berezia eman nahi diegu, euren ikasketak normal jarraitzeko gai izan daitezen». Hori da Ikaslagunen egitekoa, eta taldeko boluntarioek euren «esperientzia eta ezagutza apurra» lan horretara bideratu nahi dute.


«Zarauztartu»

Udalak bultzatutako ekimena da Ikaslagun. «Hezkuntza gizarte osoaren egitekoa denez, udala ahalegin berezia egiten saiatu da hau aurrera eramateko», adierazi du Nekane Iribar Euskara zinegotziak. Iaz, gobernuan sartu zirenean, Immigrazio teknikariak Zarauzko errealitateaz hitz egin zion Iribarri. «Esan zidan duela 5-6 urte udalerrira etorritako emakumeen seme-alabak Zarautzera etortzen hasi zirela». Haur eta nerabe horiek  zarauztartzen lagundu behar zaiela dio. «Beste kultura batetik datoz, beste hizkuntza bat dute, euskaraz ikasi behar dute, eskolaratu egin behar dira, hainbat urtetan ama ez dute ikusi, batzuk behartuta datoz... Hori dela eta, pentsatu genuen haur horiek zarauztartu egin behar genituela, eta laguntza guztia gutxi izango dela», nabarmendu du Iribarrek.

 Jakitun da ikastetxeetan «lan izugarria» egiten dela, «denetarik dagoela», baina baita beste esfortzu bat egitea «beharrezkoa» dela gizartearen aldetik ere. Orduan, Donostiako Hazi eta Hezi taldearekin harremanetan jarri eta euren egoitzara joan ziren haiek egiten duten lana bertatik bertara ezagutzera. «Asko gustatu zitzaigun hango esperientzia, eta Zarautzera ekartzea erabaki genuen».

 Herriko ikastetxeak arduratuko dira erabakitzeaz zein ikaslek duten behar gehien halako talde batean egoteko. «Denak izango dira ongi etorriak». Era berean, Ikaslagun taldeko bi kide ikastetxeekin harremanetan egongo dira, zentroetan zein metodologia lantzen duten  jakiteko eta erabiltzen duten materialaren berri izateko. Ikastetxeek finkatzen duten ildoa jarraituko dute boluntarioek.

«Baina ezin da ahaztu oso garrantzitsua dela familiaren papera», zehaztu du Eulogio Saavedra Ikaslaguneko kideak. Horregatik, senideekin ere ha­rre­ma­netan egongo dira. «Gure lana izango da ahalik eta informazio gehiena trukatzea haiekin, euren seme-alabei lagundu ahal izateko».

Boluntarioak eta ikasleak astean bi arratsaldetan elkartuko dira Parrokiako aretoan, ordu eta erdiko saioetan. LH eta DBHko ikasleei zuzenduta egongo dira: 6 urtetik 14 urte bitarteko gazteei, alegia. Landuko dituzten ikasgaiei dagokienez, hizkuntzek garrantzia berezia izango dute, baita matematikak ere.


Integratzen laguntzea

«Garrantzia berezia» eman diote, era berean, boluntarioen eta haurren artean konfiantzazko loturak sortzeari. Horregatik, irakasleez gain, interesa duten herritarrak taldean parte hartzera gonbidatu dituzte. «Ez dute zertan irakaskuntza munduarekin lotura izan behar. Ekarpena egin dezaken edonork har dezake parte, dela antzerkia, kantua, sukaldaritza, literatura eta abar landuz. Helburua da, etxeko lanak egiten laguntzeaz gain, pertsona horiek bere osotasunean integratzen laguntze», dio Zumetak.


«Norbaitek behin esan zuen ume bat hezteko  herri bateko indar guztia behar dela», gogoratu du Saavedrak. Hori dela eta, dei egin diete ikasleei laguntzeko «denbora eta gogoa dutenei» eurekin harremanetan jartzeko.  Interesa dutenek 943-01 34 53 telefonora (Iñaki) deitu dezakete edo urbigain@gmail.com helbidera mezua idatzi. Saioekin azaroan hasiko direla aurreikusi dute.