Udal elkarteak laguntzak emango dizkie enpresei, langabeak kontratatzeko

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 13a, 14:39
Udal elkartean egin beharko dira eskabideak.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresek eskaerak urriaren 28ra arte egin ditzakete.

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du eskualdeko enpresek bertako langabeak kontrata ditzaten. Diruz lagunduko diren kontratuak gutxienez 3 edo 6 hilabetekoak izango dira, lanaldi osokoak edo gutxienez %50eko lanaldia dutenak. Zehazki, irailaren 1etik 2017ko maiatzaren 31ra bitartean egindako kontratuak lagunduko dituzte diruz. Beraz, diruz lagundutako kontratua 6 hilabetekoa baldin bada, 6 hilabete horiek aipatutako epealdiaren barruan egon behar dute.

"Krisialdiaren gizarte ondoriorik larrienetako bat enpleguaren galera izan da. Azken hiru urteetan, ordea, enplegua sortu eta langabezia tasak behera egin du gure eskualdean, krisialdiaren aurreko urteetako tasetatik oraindik urrun ibili arren", adierazi dute UKUEtik. Hala ere, "gizatalde batzuk beste batzuk baino zailtasun handiagoak" dituzte lana lortzeko— emakumeek edo 45 urtetik gorakoek, esatareko—.  Horrekin batera, krisialdiak "eragin nabarmena" izan du enpresen lehiakortasunean eta "urte zailak igarotzen ari dira enpresa asko, merkatuaren eskakizunetara moldatzeko eta berritzeko ahaleginean".

Hala, diru-laguntza horren helburua bikoitza da: batetik, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzen; eta, bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzea saritzea. Hori lortzeko, hain zuzen ere, bideratu da eskualdeko enpresentzako diru-laguntza deialdi hau, langabeak kontrata ditzaten.

99.000 euro

Guztira, 99.000 euro emango dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak—74.246,90 euro— eta Urola Kostako Udal Elkarteak—24.753,10 euro—. Enpresa bakoitzari emango dioten diru-laguntzen zenbatekoa 1.500 eta 9.000 euro bitartekoa izango da, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien eta kontratuaren iraupen eta lanaldiaren arabera.

Eskaerak oinarriak GAOn argitaratzen direnean egin ahalko dira, urriaren 28ra arte, Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Kontratatutako langileak Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute eta  balorazioa egiterakoan bereziki baloratuko dira emakumeak edo eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzen dituzten enpresen eskabideak.

Informazio zabalagoa eta eskabideak egiteko ereduak eskura daude udal elkartearen webgunean.