Kirol jardunaldi solidarioa larunbatean, Kalefiten eskutik

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 17a, 13:00

Taldearen 2. urteurrena ospatzeko antolatu dute, eta bertan bildutako dirua Basque Lifeguards taldeari emango diete, errefuxiatuei laguntzen jarrai dezaten.

Bi urte bete ditu aurten Kalefit taldeak, eta hori ospatzeko ekitaldi berezia antolatu dute larunbaterako, hilaren 22rako. Ez da kirol jardunaldia izango soilik; elkartasun ekitaldia ere izango da. Izan ere, bildutako dirua Basque Lifeguards taldeari emango diote, Siriako errefuxiatuei laguntzen jarrai dezaten.

Parte-hartzaileak 10:00etan bilduko dira larunbatean, Borghetto inguruan. Hiru lagunek osatutako taldetan egingo dituzte kirol probak. Taldeka zein indibidualki eman daiteke izena. Bakarrik doazenekin arduradunek osatuko dituzte hiruko taldeak. Taldeka, 45 euro ordaindu beharko dira probetan parte hartzeko, banaka doazenek, berriz, 15 euro jarriko dituzte. Kalefiten blogean eman beharko da izena, eta parte-hartzaileek elastikoa, irabiatua, mokadutxoa eta edatekoa eskuratuko dute.

10:00etan kirol jardunaldirako elastikoak banatuko dituzte, eta ondoren ekingo diete probei. Horrez gain, pilates masterclass bat ere eskainiko dute 10:30ean. Parte hartu nahi dutenek 5 euro ordainduko dituzte. Aldi berean, txotx eta pintxo solidarioak ere izango dira, Katxiña eta Argiñanoren eskutik. Esseker disko-jartzaileak girotuko du ekitaldia.