Merkataritza Astearen barruan hainbat ekintza izango dira asteburuan

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 21a, 08:00
Urko Menaia, iaz, Murkilek antolatuta kontzertua eskaintzen. (Aritz Mutiozabal)

Zozketaz gain, kontzertuak, haurrentzat jolasak eta kaleko artea ere antolatu dituzte astebururako.

Murkil Zarauzko Dendarien Elkartea Merkataritza Astean murgilduta dago. Astelehenean abiatu zuten jardunaldia Zarautzen bizi, herrian erosi lelopean, eta igandera bitartean hainbat ekintza egingo dituzte. Gainera, egun horietan zehar, elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten herritarren artean Erromara (Italia) bidaia bat zozkatuko dute. Zozketan parte hartzeko hurrengo urratsak jarraitu behar dituzte zarauztarrek: Murkil elkarteko hiru denda desberdinetan erosketa egin beharko dute, eta bakoitzean gutxienez 5 euro gastatu. Erosketa egindakoan, dendariak txartela zigilatuko dio erosketa egin duela ziurtatzeko.

Zozketaz gain, kontzertuak, haurrentzat jolasak eta kaleko artea ere antolatu dituzte astebururako.



Astebururako ekintzak

Gaur, esaterako, 18:00etatik 20:00etara, bost musika taldek saioa eskainiko dute herriko bost gunetan: Kale Nagusia eta Azara kaleen artean Urko Menaiak emango du kontzertua; Lege Zaharren enparantzan TTB Kolektiboa; Donibane Plazan Bon DJak; Geltoki kalea eta Zigordia kalea gurutzatzen diren eremuan Sara Grajal & PJ Kahuna; eta, Azken Portuko Sagasti Plazan Azkaiter Pelox Trio taldeak.

Bihar, berriz, goiz eta arratsaldez haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Lege Zaharren enparantzan. Honako ordutegia izango dute: 12:00etatik 14:30-era eta 16:30etik 19:00etara. Horrez gain, goiz partean Niko Nok pailazoa ibiliko da kalez kale haurrei puxikak banatzen.

Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteko kideek zarauztarrak ekintzetan parte hartzera animatu dituzte.