III. Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia

Manex Serras: «Makinen eta pertsonen arteko interakzioaz ariko naiz»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko aza. 3a, 12:42

Formazioz, zer zara?
Matematikaria naiz eta adimen artifizialaren inguruko master bat dut egina. Egun Vicomtech-IK4 zentro teknologikoan egiten dut lan, Donostian. Zehazki, Ahotsaren eta Lengoaia Naturalen Prozesamendurako Teknologien sailean.

Horri lotuta, proiekturen bat ari al zara garatzen?
Gizakien eta makinen arteko interakzioa ari naiz lantzen, zehazki, helburu batzuk betetzeko makinekin hitzez edota idatziz nola komunikatu aztertzen ari naiz. Makinen arteko interakzio ohikoena ahotsaren edo testu bidez izaten da. Interakzio horiek datu base handietan bilaketak egin edo hainbat zerbitzu automatizatzeko balio dute. Mediku batekin hitzordu bat hartzeko eta bezero arretan, kasu.

Halako egoeretan, erronkak ugariak dira. Batetik, elkarrekintzak zentzuzkoak izan behar du, hau da, erabiltzaile zein makinek elkar ulertu behar dute. Bestetik, elkarrekintza horiek helburu bat bete behar dutenez, interakzioa bera erabiltzaile bakoitzari egokitu behar zaio. Hori bermatzeko, elkarrizketak grafo estruktura batean antolatu daitezke, eta horren gainean algoritmo probabilistikoak erabili, edota perfilizazio estrategiak baliatu. Horrekin, makina une eta erabiltzaile mota bakoitzarentzat estrategia onenak ikasteko gai da.

Zentzu horretan, interakzio horiek ongi burutzeko erronkei buruzko aurkezpena egingo dut, eta baita horiek ebazteko erabiltzen diren algoritmo matematikoen azalpen bat eman ere.

Erlazionatuak

Zientziaz bustitzeko ordua

Zarauzko Hitza 2016 aza 03 Zarautz