Bertako ekonomia hizpide

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 4a, 10:00
Bergaran egin zen ‘Ekonomia Gurean’ saioko irudia. (Goiena)

‘Ekonomia Gurean’ saioa eskainiko dute Miren Estensorok, Anabel Juaristik eta Iñigo Ugartek .Hizlariek Urko Aristiren galderak erantzungo dituzte hilaren 8ko solasaldian.

Herritarrek bertako ekonomiaren nondik norakoak ezagutu eta horien inguruan hausnarketa egin dezaten, Ekonomia Gurean saioa antolatu du TOKIKOMek, Baleike, Erlo Telebista, Karkara eta Zarauzko Hitzarekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Urko Aristik gidatuko du solasaldia, eta tokiko garapenean eta ekonomian adituek parte hartuko dute saioan: Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Miren Estensorok eta Urola Kostako ekonomia gertutik ezagutzen duten Anabel Juaristik eta Iñigo Ugartek.

Herritarrek protagonismo berezia izango dute saioan, «herritarrak izango baitira ohorezko jasotzaileak». Ekonomia Gurean hitzaldian biltzen diren herritarrek «gertutik ezagutu ahal izango dituzte ekonomia eta enpresa mundua, arlo horretan garrantzis handia izan duten eragileen eskutik. Zer gertatu den aztertuko dute, eta egoeraren irakurketa egin. Euskal Herri mailako datuak izango dituzte hizpide, baina gu bizi garen eskualdeko errealitatea ere ezagutzera eman nahi da», azaldu dute antolatzaileek.

Adituek Urko Aristiren galderei erantzungo diete, baina herritarren galde-erantzunetarako tartea ere egongo da.

Saioa zuzenean
Hizketaldia azaroaren 8an izango da, asteartean, Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegiko areto nagusian, 10:30etik 11:30era. Hitzaldi formatua edukiko du Ekonomia Gurean saioak, baina ikus-entzunezkoen bidez ere zabalduko da. Hala, asteartean bertan hitzaldia zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute herritarrek Zarauzkohitza.eus atarian.