ELAko kideek eskuorriak banatu dituzte Kaiku KM 0-ko langileen greba ezagutarazteko

Zarauzko hitza 2016ko aza. 4a, 13:10

Urola Kostako ELAko kideak Eroski saltoki handiaren aurrean bildu dira gaur eguerdian.

ELAko kideek Kaiku KM 0-ko langileen mobilizazioa sozializatu eta langileei elkartasuna adierazi nahi dute ekimenarekin. Hasiera batean, saltokiaren aurrean egon dira, baina ordu erdira saltokiko arduradunak adierazi die ezin dutela atarian egon, baimenik eskatu ez dutelako. Horregatik, ataritik alde egin dute, eta saltoki inguruan banatu dituzte eskuorriak.

Uztailaren 5ean abiatu zuten greba Kaiku KM-0 enpresako langileek enpresa politika berri bat aldarrikatzeko. ELAtik azaldu dutenez, egun langileen herena aldi baterako lanerako enpresa bitartez kontratatuta dago; gainera, "oinarrizko hainbat baldintza ez direla betetzen" ere salatu dute. Horren aurrean, langile talde egonkorra izatea, lan segurtasun eta garbitasun arauak betetzea, aparteko orduekin amaitzea, lan erritmoa eta lan karga zentzuzkoa izatea eta egutegia errespetatzea eskatzen diote langileek enpresari.

ELAtik salatu dute enpresak ez duela agertzen "arazoa konpontzeko borondate era konpromisorik".