Katxiporreta Kooperatibak lan berria aurkeztuko du ostiralean

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 7a, 19:30

11:30ean izango da ekitaldia Musika Plazan eta eguraldi txarra eginez gero Modelo zineman.

Datorren ostiralean, hilak 11, Katxiporreta Kooperatibak lan berria aurkeztuko du Zarautzen. Hain zuzen ere, bi disko biltzen dituen lana da kaleratzear daukatena. 11:30ean izango da aurkezpen ekitaldia Musika Plazan. Eguraldi txarra eginez gero, berriz, Modelo zinema aretoan izango da. Bertan izango dira lana aurkezten, besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoak, Xabier Zabala musikaren egilea eta moldatzailea eta Andoni Egaña. Horiez gain, diskoaren lanean aritu diren beste hainbat lagun gerturatuko dira ekitaldira.

Bi diskoetako batek 2017an egingo den 20. Korrika du oinarri, eta Tipi-Tapa, korrika! jarri diote izena. Bigarrenak, aldiz, Imanol Urbietaren hainbat abesti jasotzen ditu. Horiek moldatu eta grabatu dituzte pailazoek, eta Haizearen Herrira izena jarri diote diskoari. Azken horrek, “letra eta doinu fresko, goxo eta jostalariak” jasotzen dituela azpimarratu dute Katxiporretako kideek.