Lau begirada mostra berean

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 9a, 10:00

Ostiral arratsaldean inauguratuko dute XXIV. Nazioarteko Argazki Mostra, Sanz Enean. Abenduaren 11ra arte izango dira ikusgai Lattes, Tejerina, Valencia eta Zalbaren lanak

Beste urte batez, Zarauzko Argazkizale Elkarteak Nazioarteko Argazki Mostra antolatu du, Zarauzko Udaleko Kultura sailarekin batera. 1993. urtean egin zuten lehenbiziko aldiz, eta ordutik helburu berarekin antolatu ohi dute erakusketa berezia: argazkigintzan ibilbide oparoa duten artistak gonbidatu ohi dituzte, bertako zein nazioarteko argazkilaritzan jarduten dutenak, euren lanak Zarautzen bertan erakusteko.

Aurten ondokoen lanak izango dira ikusgai Sanz Enean: Emmanuel Lattes, Iñaki Tejerina, Emilia Valencia eta Martin Zalba. Lattes baionarra «txiki-txikitatik» dago naturarekin «txundituta», eta «denboraz kanpoko edertasun zoragarria» irudikatzen saiatzen da.  Hala, «organismo bizien ezkutuko egitura harrigarriak» erakutsiko ditu XXIV. Nazioarteko Argazki Mostran, izpi elektromagnetikoez baliatuz, «begiek ikusi ezin dutena» bisitarien aurrean jartzeko.  

Argazkilaritzarekin batera, Tejerinaren zaletasun handia mendia izanik, Nafarroako paisaietan zehar, urtaro desberdinetan, egindako ibilbidea azalduko du mostran iruindarrak. Besteak beste, Pirineoko gailur elurtuek, Errege Bardeako desertu idorrek, zerealen sailek eta iparraldeko haran hezeek osatzen dute Tejerinak Zarautzen erakutsiko duen bilduma.


Objektuak eta munduak

Valenciak bere inguruan dauden «gauza hutsalak goraipatu» nahi ditu mostrarako aukeratu duen seriean, haiei balioa emanez. Ohiko objektuei argia gainean jarriz, hartzen duten forma behatzen du madrildarrak, bizia nola hartzen duten eta argiak horien artetik nola egiten duen ihes aztertuz. Honako serieak aukeratu ditu Sanz Enean erakusteko: Naturak, Kristalezko lorea, Jarritako objektuak, Bizi izandako leku batean aztarnak eta Japoniako objektu txikiak izenekoak.

Martin Zalba iruindarraren argazkiak digitalak dira, ordenagailuaren bidez landuak. Horrek eskaintzen duen aldakortasunaz baliatuz, irudi bakoitzari bere estiloa ematen dio. Modu horretan, paisaia surrealistak sortzen ditu, beste mundu batekoak, magikoak. Horren lagin bat izango da ikusgai Zarauzko kultur etxean.
Ostiralean bertan inauguratuko dute erakusketa, 19:00etan, eta abenduaren 11ra arte egongo da ikusgai. Egunero zabalduko dute, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.