Bustinzuri, Alkortiaga eta Etxeberriko nekazal bideak hobetzeko lanekin hasi dira

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 12a, 10:22
Bustinzurin atzo hasi ziren lanean eta jada asfaltatu dute bidea (Zarauzko Udala).

Asfaltos Urretxu enpresari egokitu dizkio udalak obra horiek. Atzo hasi ziren lanean, eta Bustizuri jada asfaltatu dute.

Asfaltatze Planaren hirugarren faseari ekin berri diote. Bustinzuriko asfaltatze lanak hasi eta bukatu zituzten atzo, eta orain Alkortiaga eta Etxeberriko eremuetan jarraitu dute hobetze obrakekin. Lehenego hamabost egunetan, Bustinzurikoaz gain, Alkortiagako lanak ere gauzatuko dituzte. Etxeberri bidekoak egiteko denbora gehiago beharko dute, eta horretarako azken epea urtarrilaren 31a izango dute.

Zarauzko Udalak Asfaltos Urretxu enpresari egokitu dizkio asfaltatze lanak, 52.587,14 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Udalak, gainera, 25.330,35 euroko diru-laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldunditik, herriko nekazal bideak hobetzeko.

Udal Gobernuak ekainean jarri zuen abian Asfaltatze Plana, Mendilautako Aresti kalean. Ondoren, Alde Zaharrean jarraitu zuten lanekin: San Frantzisko eta Foruen kaleetan; azken kale horretan norabide aldaketa egin zuten, auzokoen eskaerari erantzunez. Jarraian, Hegoalde kalean, eta uztailean, Asfaltatze Planaren bigarren faseari ekin zioten, Araba nahiz Maria Etxetxiki kaleetan eta Itxasmendiko biribilgunean lanak eginez.

Obra Txikien zinegotzi Iban San Martinek azaldu zuenez, orain arte sustatu dituzten eta urte bukaera bitartean egingo dituzten hobetze lanak ez dira azkenak izango. "Agintaldian zehar Alde Zaharreko nahiz auzoetako kaleak hobetzen jarraitzeko asmoa dugu".