Lau milioi kilo mahats baino gehiago bildu dituzte aurtengo kanpainan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2016ko aza. 14a, 13:40
Mahats bilketa Akerregi Txiki txakolindegia. (Getariako Txakolina jatorri izena)

600 lagun inguru aritu dira Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan dauden upategietan mahats biltzen. Orain mahats muztioa txakolina bihurtu dadin biltegietan irakiten ari da.

Udazkenarekin batera iritsi zen mahats bilketa eskualdera. Irailaren 24an hasi zuten ofizialki bilketa, eta hilabete inguru iraun zuen, urriaren 23ra bitartean. Getariako Txakolina jatorri izeneko arduradunek oraindik datu zehatzak ez badituzte ere, lau milioi kilo mahatsetik gora bildu dela adierazi dute. «Eguraldiak lagundu du, eta mahats bilketa oso ondo joan da aurten. Upategietakoek mahatsa pixkanaka biltzea lortu dute, mahatsa txakolina egin ahal izateko heldutasun une egokian zegoen aztertetzeko aukera izanda», azaldu du Ruth Mozo jatorri izeneko idazkariak. Lau milioi kilotik gorako produkzioa izatea albiste ona dela uste dute ekoizleek. «Udaberri oso ona izan dugu, eta garai hori oso garrantzitsua da landareen loraldirako», adierazi dute. «Irailean euriteen eta hego haizearen eraginez Botrytis puntu gutxi batzuk azaldu dira», baina kalitatezko mahatsa bildu dela nabarmendu dute. «2016ko uztako txakolina kalitatezkoa izango da».

600 lagun mahatsa biltzen
Getariako Txakolina jatorri izenak biltzen dituen upategietako mahats bilketan 600 lagunek parte hartu dute aurten. «Upategietakoak, lehenik eta behin, mahastizaleak dira. Prozesu guztia beraiek egiten dute: mahastiak zaindu, txakolina ekoitzi eta merkatura ateratzeko prozesu dena». Egunotan mahatsaren muztioa irakiten ari da txakolinari leku emanez, eta datorren asterako irakitearen prozesua bukatzea espero dute.

Ondoren, jatorri izenak ezartzen dituen kontrolak pasatuko dituzte upategiek, eta upategietan edukiko dute txakolina merkatura ateratzeko puntu egokia lortu arte. Jatorri izenaren araudiaren arabera, abenduaren 1etik aurrera hasi daitezke upategiak uzta berriko txakolina botilaratzen.

33 upategik osatzen dute Getariako Txakolina jatorri izena gaur egun. Horietatik hamabi Getarian daude, zazpi Zarautzen, hiru Aian eta bana Orion eta Beizaman. Azken hori berria da, 2016ko uztan eman baitu izena Getariako Txakolina jatorri izenean. Horretaz gain, eskualdetik kanpo bederatzi upategi daude. Guztien artean 427 hektarea mahasti dituzte.