Merkataritza kanpaina berria abian, herriko ekonomia garapena indartuz

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko aza. 30a, 08:00
Berchiche, Aizpuru, Murua eta ArgiƱano dira kanpainako protagonistak (Zarauzko Udala).

Zarauzko Udalak abiatu du lehenbiziko aldiz, herrian erosketak egitea bultzatzeko. Itziar Aizpuru, Ainhoa Murua, Karlos Argiñano eta Yuri Berchiche dira protagonistak

 Herrian erosketak egiteari buruz kontzientzia hartu eta herriko ekonomiaren garapena bultzatzeko helburuarekin, merkataritza kanpaina bat jarri du martxan Zarauzko Udalak lehenbiziko aldiz, Murkil Zarauzko dendarien elkartearen laguntzarekin. «Agintaldi planean, herriko ekonomiak, hau da, bertako negozioek badute euren tartea. Planari eutsita, bertako merkataritza nola indartu aztertzen hasi ginen», azaldu du Jesus Arana Garapen Ekonomikoko zinegotziak. Hori dela eta, Murkilekin bildu eta elkarlanerako mahai iraunkor bat sortzeaz gain, kanpaina berri bat martxan jartzea erabaki zuten.

Horretarako, herriko lau pertsonaia ezagunekin harremanetan jarri dira, eta Zarauzko kaleetan zein merkatu plazan jarri dituzte: Itziar Aizpurua aktorea, Karlos Argiñano sukaldaria, Yuri Berchiche Realeko jokalaria eta Ainhoa Murua triatleta.

Kartelak sortu dituzte bakoitzaren irudiarekin, eta lelo bat gehitu diote: Erosketak? Zarautzen buy!. «Hitz joko bat erabili nahi izan dugu: ingeleseko buy, itzulita 'erosi' esan nahi duena, 'bai' gisa ahoskatzen delako, gure baietza adierazteko», azaldu du Aranak. «Ideia polita eta originala iruditu zaigu, eta Zarautzen aldeko apustu sendo bat transmititzen du. Herri moderno eta bizia dugula ere adierazi nahiko genuke». Izan ere, haren hitzetan, denetarik eskaintzen dute herriko dendariek eta hori nahi dute erakutsi.

Herriko merkataritzaren aldeko irudiak datorren ostiralerako egongo dira jarrita Nafarroa kaleko hiru markesinetan eta Aritzbatalde kiroldegiko harreran, gabonetako argiak pizten dituztenerako. Halaber, herribusean biniloak jarriko dituzte, eta sare sozialen bidez ere mezua zabalduko dute. Herriko dendariei ere banatuko dizkiete kartelak, euren eraskusleihoetan zintzilika ditzaten. Halaber, esku orriak bidaliko dizkiete herritarrei ere euren etxeetara.

Ekonomia Garapenerako zinegotziak eskerrak eman dizkie lau protagonistei, «musu truk aritu direlako euren irribarrerik zintzoena eskainiz». Haren hitzetan, «kartelak ikusi besterik ez dago herri honen aldeko apustua egiten dutela jakiteko».


Ez bakarrik gabonetan

Hitz horiek berretsi ditu Aizpuruk ere. «Herri txiki guztietan egon beharko luke abian halako kanpaina batek», nabarmendu du Aizpuruak. «Oso ideia ona iruditu zitzaidan proposatu zidatenean. Herriko dendei bultzada emateko nik uste beharrezkoa dela». Horregatik erabaki du berak ere «bere hondar alea jartzea».
«Aukera zabala eta zerbitzua paregabea izateaz gain, herriko ekonomia garapena bultzatzeko bidea da» kanpaina hori, Aranaren arabera. Baina ez dute gabonetara begira soilik egin. «Hau herri ekonomiarekin, oro har, egin nahi dugun apustuaren lehen urratsa besterik ez da».