Kiroldegiko langileen auzia

Zarauzko kiroldegiko langileek lan hitzarmen baten beharra aldarrikatu dute

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 6a, 11:38
'Kiroldegiko langileoi entzun!!! Convenio ya!' dioen pankarta, Aritzbatalde kiroldegiko sarreran (Aritz Mutiozabal).

BPXport, Balea Igeriketa eta ELA sindikatuaren izenean, Kiroldegiko langileoi entzun!!! Convenio ya! dioen pankarta jarri dute Aritzbatalde kiroldegiko atarian. Era berean, idatzi bat zabaldu dute sare sozialetan.

Zarauzko kiroldegiko langileek idatzian adierazi dutenez, hilabeteak daramatzate "gorabeherekin" euren lanpostuetan. Apirilean, Balea Igeriketa enpresako harrera zerbitzuan murrizketak izan zirela diote: "Udaleko langile batrek azpikontratatuta zegoen langilearen postua hartu zuen, eta azken hau lanaldi oso txiki batean gelditu zen". Aldaketa "aldebakarreko" erabakia izan zela gaineratu dute, "legeak eskatzen dituen prozedurak bete gabe, gainera".

Udalarekin hainbat bilera egin ondoren, kiroldegiko zerbitzuak "hutsune ekonomikoak" zituela esan zieten, eta "zerbitzuaren plegu berriak publikatzean baloratzen ari zirela zein hitzarmen kolektibo izango zen etorkizunean langileek izango zutena". Nabarmendu dute orain arte "2012tik indarrik ez duen hitzarmena" aplikatzen dietela; hau da, Gipuzkoako kirol instalazioei dagokiena.

Lan baldintzak arriskuan ikusten zituztela-eta, kiroldegiko langile kolektiboak hitzarmen propioa negoziatzeko bideari ekin zion, ELA sindikatuak bultatuta. "Proposamen bat luzatu genion Zarauzko Udalari, baina ez digute hau negoziatzen uzten. Uztailean aurkeztu genuen lehen aldiz udalean, eta urrian ezetz esan digute".

Bitartean, deiei ez dietela erantzun eta ez dietela entzun salatu dute: "Negoziaketa kolektiboa denon eskubidea da, eta Zarauzko Udala eskubide hau ukatzen ari zaigu. Gure lan baldintzak babestuta egotea besterik ez dugu eskatzen, prekarietateai eurre egin eta entzun gaitzatela. Baina gutxietsita sentitzen gara".