Hamar zintzur koplari hamargarren zintzarrirako

Aritz Mutiozabal 2016ko abe. 16a, 09:18
Araitz Muguruza eta Xabi Aizpurua, gaztetxean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

X. Kopla Txapelketa jokatuko dute gaur gauean, Putzuzulo gaztetxean, 22:00etatik aurrera.  Ekitaldia «proba moduan» abiatu bazuten ere, hasiera-hasieratik funtzionatu zuen, eta urtero arrakasta berresten du.

Inolako aurreikuspenik egin gabe antolatu zuten 2007­an estreinako Kopla Txapelketa, eta berehala bertsolaritzako hitzordu estimatua bihurtu zen. «Inork ez zuen espero. Proba moduan antolatu genuen, eta ekitaldi honek funtzionatu egin zuen», adierazi du Xabi Aizpuruak, ekitaldiaren hasieretako antolatzaileetako batek. Ideia originala Imanol Epelderena izan zen, Medellin hirian (Kolonbia) ikusitako inprobisatzaileen jaialdi bat ardatz hartuta. Halako zerbait herrian antolatze aldera, Ainhoa Agirreazaldegirekin elkartu eta bien artean gorpuztu zuten txapelketa. «Egia esan, ni azken momentuan gehitu nintzaien, aurkezpen lanetarako eta gai-jartzaile gisa, zer pasatuko zen arrastorik gabe eta inolaz ere pentsatu gabe ondoren zer-nolako sona hartuko zuen», gogora ekarri du Aizpuruak.

Arrakastaren gakoa txapelketaren «formatu berritzailea» izan zela nabarmendu du.«Alde batetik, ordura arte ez zeukan garrantzia eman zitzaion koplari. Bestetik, Putzuzuloren lehen urteurrenaren bueltan egin zen, eta mugimendua bizi-bizi zegoen. Horrekin guztiarekin nolabaiteko salda bat sortu zen, jarraipena ahalbidetu zuena».

Egitura berezia

Kopla Txapelketa ez da bertsolaritzako ohiko txapelketak bezalakoa. Seriotasunetik ihes egiten du apur bat, eta zirikatzaileagoa da, publikoarekiko hartu-emana sustatzen duena eta jai girokoa.  Koplazale Elkarteko kide Araitz Muguruzak dio egiturak berak egiten duela berezi txapelketa. «Kantatzeko denbora muga bat dute bertsolariek, eta sortzen den giroa ere apartekoa da. Ikuslea ez da partaide izaten jaialdi normaletan, baina kopla txapelketan txaloak jotzeaz gain, abestu egiten du eta epaile lanak ere egiten ditu». Paper batzuk zabaltzen dituzte ikusleen artean, eta haiek erabakitzen dute kanporaketa bakoitzetik nork egiten duen aurrera. Horrez gain, zuzeneko musika izaten dute, eta bertsolariek abesti ezagunekin ere abesten dituzte koplak.

«Agian,  gehiago da jaialdi bat txapel izenarekin», adierazi du Aizpuruak: «Txapelketa formatuak, batzuk kanporatzen joate horrek, lehiakortasuna eta morbo ukitua ematen dio, baina aldi berean testuingurua hain informala denez, jendeari oihu, algara eta kantuan egiteko askatasuna ematen diozu». Bere iritziz, «oso emozionala da, eta horrek eman dio ospea».

Beste berezitasun bat ere badu gainerako txapelketekin alderatuta. Txapelaren ordez, zintzarria jasotzen du irabazleak. «Ez dakit, baina segur aski azken orduko erabakiren bat izango zen. Berrikuntzak sartu eta ohikotik aldendu nahian, nolabait ere. Azkenean, zintzarria txapelketaren ikur bihurtu da», zehaztu du Aizpuruak.

Saio «biribila»

Aurtengoa hamargarrena izanda, txapelketa «biribila» izango dela uste du Muguruzak. « Izan ere, ekitaldi orok ez ditu 10 urte betetzen».  Ondorengo hamar bertsolariek hartuko dute parte:  Igor Elortza, Sustrai Colina, Asier Azpiroz, Iratxe Ibarra, Ortzi Murua, Eneritz Artetxe, Unai Agirre, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Markel Eizagirre. Gai-jartzaile lanetan, berriro ere, Martin eta Xabier Etxeberria anaiak ariko dira.

Iaztik, eta aurtengo urteurrenari begira, lehendik zintzarria irabazi zutenak ekartzen hasi ziren. Hala ere, «ez genuen nahi izatea irabazle guztien edizioa. Izan ere, txapelketa honek beste bertsolari gazte askori ematen die kantatzeko aukera. Gainera, bada bertsolariei ilusioa egiten dien plaza bat. Galdetu ere egin izan digute ea noiz deituko diegun txapelketan parte hartzeko», dio Muguruzak.

Igor Elortza da iazko garailea, eta aurten ere bertan izango da; bi zintzarri dituen bakarra da oraingoz. Sustrai Colinak ere errepikatuko du, 2013ko irabazleak, baita Andoni Egañak ere. Kopla txapelketan inoiz ez da faborito argirik izaten, baina Aizpuruaren ustez, «Egañak badu arantza bat, lehenengo txapelketan Maialen Arzallusi ez ziolako garaitu buruz burukoan, eta etorri daiteke arantza hori ateratzeko prest. Kontuan izan behar da garaiko txapeldun handiari irabazi ziola, beraz, badu errebeldia kutsua ere».

Sarrerak salgai

Hilaren 3an aritu ziren saltzen sarrerak Musika plazan, baita Durangoko Azokan ere, Bertsozale Elkartearen postuan. Sarrera asko saldu dituztela jakinarazi du Muguruzak, baina oraindik geratzen direla, eta horiek gaur bertan jarriko dituztela salgai, 19:00etan, Putzuzulon; 8 euroan eskuratu ahal izango dira.

«Ikusi besterik ez dago publikoaren aldetik jasotzen dugun erantzuna. Zarauztar asko etortzen da, baita kanpotik ere. Egia esan, deigarria egiten den saio bat da», dio Koplazale Elkarteko kideak. «Ea lehenbailehen lehertzen den saioa. Iazkoa bezala aterako balitz, pozik geratuko nintzateke. Giro onean eta bertso onak entzunez, noski».