EH Bildu: "Udal Gobernuak ez du bete 2016ko aurrekontuen adostasuna"

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 22a, 17:33
Zarauzko EH Bilduko udal taldea (Zarauzko EH Bildu).

Koalizioaren arabera, datorren urteko aurrekontuak negoziatzeko "berme bakarra" da Tokiko Gobernu Batzordea oposizioari irekitzea eta bertatik jarraipen zuzena egitea

Udal Gobernua eta EH Bildu akordio batera iritsi ziren urte hasieran 2016ko aurrekontuak adostekorakoan, baina koalizioaren ustez, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernuak "ez du bete" hitzartutako. Horrek "konfiantza galera" eragin duela eta konfiantza hori berreskuratzeko dagoen aukera bakarra "bermeetan" dagoela gaineratu du. "Hurrengo udal kontuak negoziatzeko dagoen berme bakarra Tokiko Gobernu Batzordea oposizioari ireki eta bertan adostutako partiden jarraipen zorrotza eta presentziala egitea da. Aurten gertatutakoa berriz ez gertatzea da, hain zuzen ere, Udal Gobernuari eskatu diogun baldintza 2017ko aurrekontuak negoziatzen hasi aurretik, galdutako konfiantza berreskuratu ahal izateko".

Udal Gobernuak 2016rako aurkeztu zituen aurrekontuek EH Bilduren babesa izan zuten. "Anbizio handiko aurrekontu jarraitzaile batzuk ziren, eta aurreko agintalditik bultzatuta zetozen hainbat egitasmorekin (Itxas Mendiko biribilgunea, Astiko aldagelak, Borghetto kantina, Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jarri, asfaltatze lanak, enplegua eta jarduera ekonomikoak sustatzeko diru laguntzak…) aurrera egiteko tresna babestu genuen, arduraz eta koherentziaz jokatuz", azaldu du EH Bilduk.

EH Bilduk 95 proposamen aurkeztu zizkion iaz Udal Gobernuari, eta horietatik 68 puntu onartu zituzten EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk sinatutako adostasun dokumentuan, 2016ko aurrekontuetan jaso zirenak. "Puntu hauen betetze maila aztertzerakoan, ordea, gure atsekabea eta desengainua adierazi nahi dugu", adierazi du koalizioak: "Aipatutako 68 puntuetatik %56 bete gabe aurkitzen da gaurko egunean, hau da, adostasun dokumentuaren 36 puntu ez dira burutu". Bete gabe gelditu direnen artean, ondorengoak nabarmendu ditu EH Bilduk:

  • Turismoaren urtarizazioarekin amaitu eta sektore berrietara hedatzeko programak.
  • Herriko eragile ezberdinekin etorkizuneko Zarautzen ezaugarriak bilduko dituen egitasmo estrategikoa garatzeko eztabaida eremuak osatu eta egitasmoa landu.
  • Emakume etxearen egitasmoa zehaztu Emakume Kontseilua eta beste talde eta norbanakoen iritziak kontuan hartuz.
  • Modelo aretoak etorkizunean izan behar duen egitura aztertu.
  • Herriko ikastetxeetan Zarauzko Historia erakusteko lanketa egin.
  • Giza eskubideen urraketen memoria osoa jaso eta esperientziak trukatzeko foroak sortu.
  • Hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklatzean kontzientziazio lanak.
  • Zaratarekin dauden arazoei irtenbidea emateko pausoak ematen jarraitu.
  • Vista Alegre auzo osoko irisgarritasuna hobetuko duen azterketa egin.
  • Torreoiko egituraren azterketa amaitu.
  • Tanatorio berria egokitzeko pausoak eman.
  • Bolatokia estaltzeko azterketa egin.
  • Astiko eremuan atletismo pista ezartzeko azterketa.
  • Putzuzulo gaztetxeari irtenbidea emateko bideak garatu.