Gaztelekuko frontoia irekiko dute, herritarrei espazio estali bat eskaintzeko

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 23a, 13:21
Jonan Urdangarin eta Nekane Iribara Gaztelekuko frontoian (Aritz Mutiozabal).

Bihartik aurrera zabalik izango da jaiegunetan eta asteburuetan, 10:00etatik 20:00etara.

Joan den urrian 2017ko aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesua egin zuen udalak, eta bertan jasotako proposamenen artean, eguraldi txarra egiten duenerako estalitako espazio baten beharra agertu zen hainbat bileretan. Eskaera horri erantzuna emate aldera, aurrerantzean Gaztelekuko frontoia herritarrei zabaltzea erabaki dute. Jaiegunetan eta asteburutan irekiko dute egun osoan, 10:00etatik 20:00etara, eta bihartik aurrera egongo da erabilgarri, Gabonetako oporrei begira.

Astean zehar, gainera, Gaztelekuko hirugarren solairuan dagoen soinketa gela zabalduko dute goizetan, 10.00etatik 13.00etara, 0-3 urtera arteko umeak dituztenentzat. Horrez gain, otsailetik aurrera Merkatu plazako lehen solairua astean zehar arratsaldetan zabaltzeko asmoa dute.

"Proba moduan"

Urte hasieran Salbideko Igerain parkea estaltzeko lanekin hasiko dira, baina hori egin bitartean, eta gerora ere bai, babesleku baten beharra ikusi dutela adierazi du Nekane Iribar Parte Hartze zinegotziak. "Proba moduan" jarriko dute martxan, eta "balorazio bat egingo dugu ekain aldera, datorren urteari begira zerbitzua egokitzeko eta hobetzeko".

Euria egiten duen egunetan frontoira jende gehiago gerturatuko denez, erabiltzaileen artean elkarbizitza eta errespetua egon dadin eskatu du Gazteria zinegotzi Jonan Urdangarinek. Halaber, azpiegiturarekiko errespetua ere eskatu du:  "Herritarrena da, baina herritarrek eurek ere zaindu egin behar dute, eta erabiltzerakoan alderdi hori oso garrantzitsua da".

Bestalde, urtean zehar jarduera batzuk izan ohi dira kantxan, eta kasu horietan ezingo da frontoia erabili, baina aurretik abisatuko lukete kartel bidez. Hain justu ere, urtarrilaren 2tik 5era ikataro bat egingo dute, eta egun horietan arratsaldez bakarrik egongo da zabalik. Halakoetan "pazientzia pixka bat" izateko eskatu du Iribarrek, baina "orokorrean, espazioari erabilera polita eman dakiokeela uste dugu".