Irabazi Zarautzek osoko zuzenketa aurkeztu dio Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuari

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 28a, 09:30
Irabazi Zarautz koalizioako kideak (Aritz Mutiozabal).

Hainbat zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu, batik bat enplegua eta etxebizitza sustatzeko.

Ezker Anitza-IU, EQUO eta independienteez osatutako koalizioak "atzerapausotzat" jo ditu Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) 2017rako aurkeztutako aurrekontuak, “enpleguan, etxebizitza-planean, inbertsioetan eta parte-hartzean gobernuak borondaterik ez duelako izan”. Irabazi Zarautzeko zinegotzi Ana de Benitok eta Oihane Delgadok azaldu dutenez, "aurrekontu hauekin zarauztarron arazo nagusiei aurre egiteko aukera galdu da". Ondorioz, osoko zuzenketa aurkeztu dute, eta kontrako botoa emango diote aurrekontuei ostegun honetan izango den osoko bilkuran.

"Iaz bezala, aurrekontuen prestakuntzarako sasi-prozesu parte-hartzailea egin da, eta, orduan gertatu zen moduan, erantzuna eskasa izan da”. Parte-hartze prozesuak "beste modu batean" planteatu beharko liratekeela uste dute. Izan ere, “Gobernu taldeak planteatutako prozesuak ekarpenak egiteko aukera gutxi ematen die herritarrei eta, gainera, aurrekontuetan bertan ez da islatzen ekarpen horien balorazioa eta erantzuna”. Aitzitik, Udal Gobernuak "agintaldiko plana azaltzeko" erabili duela iritzi diote.

Koalizioaren ustez, aurrekontu parte-hartzaileak "behetik gorako praktika bat" izan beharko luke: "Herritarrek udalaren lehentasunak erabakitzeko baliagarriak izan beharko lukete”.

Enplegua eta etxebizitza

Irabazi Zarautzen arabera, aurrekontuek “ez diete irtenbiderik ematen zarauztarren enplegu eta etxebizitza arazoei".  Enplegu-sailean hartu diren "neurri bakarrak" enpresei bideratutako diru-laguntzak direla nabarmendu dute: "Udalak diru gehiago bideratu beharko luke arlo honetara, langabeziaren arazoa konpontzeko, udalaren ekintza zuzena sustatuz, Lanbiderekin elkarlanean, beste herrietan egiten den bezala”. Etxebizitza irisgarriaren arazoari aurre egiteko partidarik ez dutela proposatu gaineratu dute koalizioko zinegotziek, eta alokairu soziala bultzatzeko "apustu irmorik" ere ez dutela egin.

Horrekin batera, ondorengo zuzenketa partzialak ere aurkeztu dituzte:

  • Enplegua sustatzeko partida bikoiztea proposatu dute, 300.000 eurora arte.
  • Etxebizitza plana sustatzeko 200.000 euroko partida sortzea.
  • Astin jatetxe bat eraikitzeko enpresa pribatu bati eman zaion 260.000 euroko partida kentzea.
  • Zelai Ondo auzoa birgaitzeko 150.000 euroko partida sortzea.
  • Iñurritzan, Ikastolaren ondoko komunak txukuntzeko eta frontoia estaltzeko partidak sortzea.
  • Torreoia birgaitzeko partida 50.000 eurotan gehitzea.
  • Modelo aretoa birgaitzeko proiektua egiteko partida sortzea.
  • Eskola publikoetan Kilometro 0 jantokiaren egitasmoa martxan jartzeko partida.
  • Bidegorri-sarea osatzeko eta bizikletak aparkatzeko toki gehiago jartzeko 400.000 euroko partida sortzea.
  • Garapenerako lankidetzari bideratutako partida aurrekontuaren % 0,7ra igotzea.