Aurrekontuak bozkatzera ez dira iritsi

Abenduko osoko udalbatzarra (Aritz Mutiozabal)

Irabazi Zarautzek eta EH Bilduk hainbat zuzenketa aurkeztu zizkioten Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) 2017rako aurrekontu proposamenari. Aztergaia luze joan zen, eta gauerdia jota, osoko bilkura eten egin behar izan zuten.

2017rako udal aurrekontuak onartzeko osoko bilkura egin zuten atzo, baina ez ziren bozkatzera iritsi. Udalbatzarra asko luzatu zen, besteak beste, oposizioak hainbat zuzenketa aurkeztu zizkiolako Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) proposatutako kontuei, eta gauerdian saioa eten behar izan zuten, erregelamendu organikoak hala zehazten duelako. Urtarrilaren 3an jarraituko dute osoko bilkurarekin.

Aurrekontuak aztertzeko prozedura bat prestatu zuten: lehenik eta behin, Udal Gobernuaren proposamena aurkeztea; ondoren, oposizoaren zuzenketak –Irabazi Zarautzen osoko zuzenketa, Irabazi Zarautzen zuzenketa partzialak, EH Bilduren zuzenketa partziala eta EH Bildu-Irabazi Zarautzen zuzenketa partzialak, hurrenez hurren–; eta azkenik, aurrekontua bera udal taldeek euren jarrera azaldu eta bozkatzea.

Ogasun zinegotzi Jesus Arana arduratu zen 2017rako kontuen berri emateaz. Orotara, 36.327.273,62 euro aurrekontuak proposatu ditu: "Zarauzko giza eta ekonomi garapenetik jarraitu nahi dugu, eta 2016an Udal Gobernu honek aurkeztutako bi plan garrantzitus ardatz hartzen ditu: batetik, Agintaldiko Plana eta bestetik, Etxebizitza Plana". Oro har, "urte potente baterako aurrekontu "potenteak" direla nabarmendu zuen Aranak, "herritarren beharretatik hurbil eta inor atzean utzi gabe, Zarauzko etorkizunean pentsatuz eginak".

Osoko zuzenketarik ez

Oposizioa, aldiz, ez da iritzi berekoa, eta zuzenketa ugari aurkeztu zituzten. Irabazi Zarautzek osoko zuzenketa jarri zuen mahai gainean, "enpleguan, etxebizitza-planean, inbertsioetan eta parte-hartzean borondaterik izan ez duelako". Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benitok azaldu zuenez, parte-hartze prozesua "eskas" izan da eta "herritarren ekarpenak ez dira islatzen". Horrez gain, "kontu hauek ez zarauztarren enplegu eta etxebizitza arazoei ez diete irtenbiderik ematen". Osoko zuzenketa ez zen aurrrera atera, EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin; EH Bilduk alde agertu zen.

PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek harridura azaldu zuen Irabazi Zarautzen argudioen aurrean: "Arraroa iruditzen zaigu osoko zuzenketa bat aurkeztea parte hartze prozesua egokia izan ez dela iruditzeagatik. Argudio hori erabiltzea demagogia eta populismo hutsa dira". Ogasun zinegotziak gaineratu zuen, parte hartze prozesuaz gain, herriko talde, elkarte eta eragileekin harreman "zuzena" eta "jarraia" izan dutela urte osoan. Bestalde, Etxebizitza Plana dutela gogora ekarri zuten Udal Gobernuko kideek, Aldapeta eta Salberdin azpimarratuz,. Enpleguari dagokionez, eskudumena UKUErena dela azaldu zuten, eta bertatik milioi bat euro bideratuko direla horretara.

Osoko zuzenketa babestu zuen EH Bilduk, eta beraiek ere aurkezteko zalantzak izan zituztela jakitera eman zuen koaliziko kide Iñaki Eizagirrek, "aurrekontuak atzera bota eta hasieratik hasteko arrazoiak bazeudelako". Parte hatze prozesuari dagokionez, Irabazi Zarautzen ardudioarekin bat egiten du, eta "Udal Gobernuaren planaren aurkezpena gehiago izan dela" uste dute. Oposizioarekin eztabaida politikorik ez dela eman adierazi zuen Eizagirrek: "Aurrekontuak itxita jaso ditugu, eta udal taldeok edo eragileek ekarpenak egiteko aukera gutxi izan ditugu. Uste dugu badagoela aurrekontu hauek hobetzeko aukera, iaz bezala, baina ez da horretarako borondaterik, baliabiderik eta denborarik hartu nahi izan".

Hainbat zuzenketa partzial

Osoko zuzenketaren ezezkoaren ondoren, Irabazi Zarautzek sei zuzenketa partzial aztertu ziren; hasiera batean hamahiru aurkezteko asmoa zuen, baina azkenean EH Bildurekin adostuta, gainerakoak elkarrekin aurkeztea erabaki zuten. Aipatutako sei zuzenketen artean, besteak beste, ondorengoak zeuden: enplegua sustatzeko partida bikoiztea, etxebizitza plana sustatzeko partida bat sortzea, Zelai Ondo auzoa birgaitzeko partida, eta bidegorri sarea osatzeko eta bizikletak aparkatzeko toki gehiago jartzeko partida. Zuzenketa hauek ere ez ziren onartu, Udal Gobernuko kideen ezezkoarekin; EH Bildu abstenitu egin zen guztietan.

Jarraian, EH Bilduren zuzenketa partzialen txanda izan zen; horietako batzuk eta ondoren Irabazi Zarautzekin aurkeztutako batzuk 2016ko aurrekontuen adostasunean jasotakoak zirela nabarmendu zuen. Bere izenean, EH Bilduk hamabi zuzenketa aurkeztu zituen, guztira: Udalbiltzari, Info7ri, Gaindegiari eta presoen senideei bideratutako partidak, alokairuak sustatzeko programetan txertatzeko, eraikitako etxebizitzak birgaitzea laguntzeko, Zelai Ondoko bolatokia estaltzeko, Araba kalean bidegorria sortzeko eta Udaltzaingoaren bulegoa berriaren proiektua, esaterako. Hauek ere ez ziren aurrera atera, EAJ eta PSE-EEren kontra bozkatu zuelako. Irabazi Zarautzek bidegorriaren zuzenketarekin bat egin zuen, presoen senideei laguntzeko, alokairua sustatzeko eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzetan abstenitu egin zen, eta gainerakoetan kontra bozkatu zuen.

Azkenik, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek elkarrekin 50 bat zuzenketa partzial aurkeztu zituzten, eta gauerdia bitartean, 36. zuzenketaraino iritsi ziren. Guztiei ezezkoa eman zien Udal Gobernuko kideek, bat izan ezik: eraikitako eraikuntza-parkearen aprobetxamendurako kontzientziazio lanerako 2.500 euro bideratzeko zuzenketa izan zen onatu zen bakarra, aho batez gainera. Gainerako guztiak ez onartzearen aurrean, Udal Gobernuak argudiatu zuen horietako asko Agintaldi Planean jasota dutela, eta beste batzuetan finantziazio moduarekin ez datozela bat.

Gauerdia jota, bi koalizioei ez zien zuzenketa guztiak aurkezteko astirik eman, eta ondorioz, 2017ko aurrekontuak eztabaidatzeko nahiz bozkatzeko denborarik ere ez zieten eman. Izan ere, erregelamendu organikoaren arabera, osoko bilkurek egun berean hasi eta bukatu behar dute.

Erlazionatuak

36 milioiko aurrekontua proposatu du Udal Gobernuak 2017rako

Zarautz

Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) 2017rako proposatzen dituen aurrekontuak aurkeztu dituzte gaur goizean Ogasun zinegotzi Jesus Aranak eta Gizarte Ze...
EH Bildu: "Udal Gobernuak ez du bete 2016ko aurrekontuen adostasuna"

Zarautz

Koalizioaren arabera, datorren urteko aurrekontuak negoziatzeko "berme bakarra" da Tokiko Gobernu Batzordea oposizioari irekitzea eta bertatik jarr...
Irabazi Zarautzek osoko zuzenketa aurkeztu dio Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuari

Zarautz

Hainbat zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu, batik bat enplegua eta etxebizitza sustatzeko.