Kiroldegiko langileek eurekin biltzeko "konpromisoa" eskatu diote alkateari

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 30a, 15:59
Amaia Garate, kiroldegiko beste bi langilerekin batera, udalbatzarra hasi aurretik (Aritz Mutiozabal).

Udalbatzarra hasi baino lehenago hartu zuten hitza, eta Xabier Txurruka alkateak erantzun zien bilera  egiteko deia aste honetan helarazi dietela.

Atzoko osoko bilkura hasi baino orduerdi lehenago, Amaia Garatek hitza hartu zuen Zarautz Balea Igeriketa eta BPXporteko langileen moduan. Azaldu zuenez, Aritzbatalde kiroldegiko zuzendaritzak kiroldegian eskaintzen diren jardueretan inoiz baino zarauztar gehiagok parte hartzen duela helarazi dietela duela gutxi, eta "bertako langileoak zerikusia zuzena izan dugulako zorionduak izan gara".

Hala ere, "ulertezina egiten zaigu herriari eskaintzen zaion eta ongi funtzionatzen duen zerbitzuko langileekin bilera bat egiteko hainbeste denbora pasatzea". Hain justu ere, kiroldegiko langileek lan hitzarmen baten beharra aldarrikatu dute azken asteetan.

Horren harira, ondorengo galdera luzatu zion Xabier Txurruka alkateari: "2017ko urtarrilaren 3tik aurrera kiroldegiko langileokin biltzeko eta lan hitzarmen bat negoziatezko konpromisoa hartzen al duzu?". Alkateak zera erantzun zuen: "Pentsatzen dut aste honetan jasoko zenutela jarduerako alkatearen deia eta gonbitea eskatzen duzuen bilera hori izateko".

EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek oso bilkurara aurkeztutako ELA sindikatuaren mozioarekin jorratzeko asmoa zuten kiroldegiko langileen egoera, baina aurrekontuen gaiak luzerako eman zuen eta gauerdian udalbatzarra eten egin behar izan zuten, erregelamendu organikoak hala zehazten duelako. Ondorioz, mozioa ez zuten atzo aztertu. Oso bilkurarekin urtarrilaren 3an, asteartean, jarraituko dute, 19:00etan hasita.