Eman daiteke izena Aldapetako etxebizitza tasatuen zozketan

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 9a, 14:32
Ezkerretik hasita, Zarautz Lurreko arduradun IƱaki Mendia , Xabier Txurruka alkatea eta Xabier Uranga arkitektua. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Etxebiden izena eman dutenek berretsi egin beharko dute Aldapetako etxe tasatu bat eskuratzeko interesa. Urtarrilaren 23ra bitarteko epea dago horretarako.

Eusko Jaurlaritzak atzo zabaldu zuen Aldapetan eraikiko diren 30 etxebizitza tasatuen zozketan izena emateko epea. Urrian egin zuten deialdia Etxebiden izena emateko, eta orain eskaera egin dutenek berretsi egin beharko dute oraindik ere interesa dutela Aldapetako etxebizitza tasatu bat eskuratzeko. Hori gogorarazteko, Jaurlaritzak gutun bana bidaliko die interesdunei; epearen barruan Etxebiden izena eman baina eskutitza jasotzen ez dutenek Zarautz Lurrera jo dezakete.

Xabier Txurruka alkateak nabarmendu du "funtsezkoa" dela interesa berrestea zozketan parte hartu ahal izateko; urtarrilaren 23ra arteko epea dago horretarako. Hiru bide daude horretarako: batetik, Etxebideren webgunearen bitartez; bestetik, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara postaz (Andia kalea, 13, 5. pisua, 20004, Donostia) bidalita eta azkenik, zuzenean lurralde ordezkaritzako bulegoan nahiz Zarautz Lurrekoan (Salegi kalea, 14).

Datuen arabera, egun Zarautzen erroldatuta eta udalerrian etxe bat eskuratu nahi duten eta Zarautzen erroldatuta dauden 733 lagun daude izena emanda Etxebiden.

Iñaki Mendia Zarautz Lurreko arduradunak jakinarazi duenez, urtarrilaren 4ean argitaratu zuten GAOn Aldapetako etxebizitzen esleipena aurrera eramateko agindua, eta bertan zuten etxebizitzaren bat eskuratzeko eskatzaileek bete beharreko hainbat baldintza: 2015ean 12.000 eta 50.000 euro arteko diru sarrerak izatea; eskaera egin dutenetako titular bat Zarautzen erroldatuta egotea bost urteko aintzinatasunez edota hamar urtez etenaldiekin eta bizikidetza unitatea gehienez ere 5 kidekoa izatea.

Eskaerak berresteko epea bukatzean, behin behineko zerrenda osatuko dute baldintzak betetzen dituztenekin. Jarraian, jendaurrean egongo da zuzenketak-edo egin behar izanez gero. Hurrengo urratsa izango da behin betiko onartzea zerrenda hori, eta zozketaren data ematea. Aurreratu dute martxoa bukaeran-apirila hasieran zozkatu nahi dituztela Aldapetako etxebizitza tasatuak.

"Martxa bizian"

"Bagoaz aurrera Aldapetako proiektuarekin", jakinarazi du Txurrukak. Arkitekto taldea "hilabete luzez" aritu da maketa eta proiektua lantzen. "Azken bederatzi hilabetetan gogor ekin diogu lanari. Arkitekto taldeak prestatu du dagoeneko proiektua, urbanizazio proiektuari azken ukituak ematen ari da, Visesak begi onez ikusi du oinarrizko proiektua eta Zarauzko Udalera aurkeztekotan da lizentzia eskatu ahal izateko". "Udal Gobernuak Agintaldiko nahiz Etxebizitza planetan egutegi bat finkatu zuen, eta hori bete nahi dute.

Ekainaren 3an sinatu zuten Visesarekin hitzarmena, eta "martxa bizian nahiko lan" egin da esku artean dituzten konpromisoak betetzeko. Visesarekin hitz eginda, hasierako proiektuak aldaketak izan ditu. Aurreko proiektuak “urbanizaziko kostu larriak” zituela gogoratu du alkateak, eta hori dela eta, zalantzan jarri zutela proiektuaren sustapena. "Proiektua trinkotu egin da, okupazioa gutxitu egin da, azalera mantenduz. Eraikigarritasuneko 5.000 metroak mantendu dira".

Zentzu horretan, "urbanizazioari ezer kendu gabe, esfortzua egin da" urbanizazio kostu hori murrizteko. Horrenbestez, 30 etxe tasatuez gain, beste ezkaratz batean 20 etxebizitza babes ofizialekoak. Zarauzko Udalak bereganatu nahi ditu horiek, Visesarekin duen hitzarmenean jaso bezala, obrak amaitu ondoren alokairuan jartzeko". Udazkenean hasi nahi dute obrekin.

Interes publikoko hobekuntzak

Etxebizitzez gain, Aldapetako urbanizazio proiektuak "interes publikokoak diren hainbat hiri hobekuntza" ekarriko ditu. Batetik, Vista Alegreko bizilagunek "hainbatetan" eskatutakoa hartuko du bere barruan: irisgarritasuna bermatzeko igogailuak. Bi egingo dituzte: bat, San Inazio bidetik eraikinaren plazara, eta bestea, plaza horretatik Sarakatua eraikinaren ondora. Pasabide luze batekin egongo da lotuta azpiegitura hori.

Bestetik, lokalak ere izango dira. "Santa Ana Fundazioarekin sinatutako hitzarmena betez, 300 metro koadroko lokala gauzatuko da, bere garaian Zarautz Lurri saldutako lurren truke". Beste lokal bat ere izango da, publikoa, Zarauzko Gizarte Zerbitzuetarako, behar sozialak asetzeko.


Aldapetakoez gain, babes ofizialeko etxebizitza gehiago sustatzeko asmo du Zarauzko Udalak, besteak beste, Salberdinen. “Birpartzelazio proiektua onartzekotan da, eta urbanizazio proiektua ere aurkeztu zaigula. Hainbat proiektu desblokeatzen ari da Udal Gobernu hau eta dena ongi bidean laster zozketaren inguruko berri onak emateko bidean izango garela espero dugu”, nabarmendu du Txurrukak.