Maite Lizasok eta Aitor Frantzesena 'Gallo'-k jasoko dute Kirolari Onenaren Saria

Zarauzko hitza 2017ko urt. 14a, 10:07

Talde mailan, Txumai Fernandezek entrenatzen duen Zarauzko Emakume Korrikalariak taldeak eta Halterofilia Taldeak egindako lana aitortuko du Zarauzko Udalak. Bestalde, Aitor Urbitarte Txangurro-k jasoko du entrenatzaile onenari saria. Eta Leihoak Zarautz enpresak babeslearen saria.

Otsailaren 3an, 19:00etan hasita, Zarauzko Kirol Sarien ekitaldia egingo dute Modelo aretoan. Herritarrek beren proposamenak egin zituzten, eta Zarauzko Udaleko ordezkariek atzo aukeratu zituzten, aurtengo omenduak zein izango diren.

Alde batetik, Maite Lizasok eta Aitor Frantzesena Gallo-k jasoko dute Kirolari Onenaren Saria. Lizaso futbol jokalariak, 2016an Atlhetic taldearekin Liga irabazi zuen, eta Frantzesena 2016ko surf egokituko munduko txapelduna izan da, Ibon Illarramendi Koala lagun duela.

Bestetik, talde mailako sariak ere emango dituzte. Aurtengoan, Emakumezko Talde Onenaren Saria Txumai Fernandezek entrenatzen duen Zarauzko Emakume Korrikalariak taldeak jasoko du. Horrela, taldea duela zazpi urte sortu zenetik, "emakumeak kirolean murgiltzeko" egiten ari diren lana aitortu nahi du Zarauzko Udalak. Gizonezko taldeen artean, Zarauzko Halterofilia Taldeari emango diote saria, 2016an Espainiako Haterofilia Txapelketara iristeagatik.

Entrenatzaileen lana ere aitortzen du Zarauzko Udalak Kirola Sarietan, eta aurten Entrenatzaile Onenaren Saria Aitor Urbitarte Txangurro-rentzat izango da; modu horretan, eskubaloian jokatzen, eta gazte zein helduak entrenatzen egin duen lanagatik omendu nahi dute.

Bestalde, Leihoak Zarautz enpresak babesle saria jasoko du saskibaloia lagundu izanagatik.

Boluntarioen lana
Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Iban San Martinek nabarmendu du, boluntarioen lanik gabe "ezinezkoa" izango litzatekeela, Zarautzen kirol arloan sortzen diren ekimenak antolatzea. Ildo horretan, "bizitza osoa boluntario lanetan aritzeagatik", Idoia Malok jasoko du aurten Kirola Bizi Saria. Malo urte askotan errugbi taldeko zuzendaritzan aritu da buru-belarri lanean.

Horretaz gain, otsailaren 3ko ekitaldian, "bizitza osoa kirolaren alde eman duten" hiru zarauztar ere omendu nahi ditu Zarauzko Udalak: Pako Urkia, Juan Mari Urdangarin Xuper eta Txus Ugarte.