Pottors eta Klito taldeak ‘Odola’ abestiaren bideoklipa kaleratu du

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 23a, 12:14

Pottors eta Klito taldeak Magenta diskoko Odola abestiaren bideoklipa jarri du sarean entzungai. Badok euskal musikaren atarian ikusi daiteke bideoa.

Hilerokoaren ingurukoa da abestia, taldeak Badok atariari hala esan bezala: “Abesti horretan hain zuzen ere, esperientzia pertsonal bat kontatzen da, nola lehenbiziko hilekoa shock moduan bizi izan zen baina gero abestiaren protagonista hilekoa onartzen, goxatzen doan… eta baita ere nola pertsonaltzat jotzen den gai honek baduen dimentsio sozial garrantzitsu bat, hilekoaren inguruko produktuen prezioa, hilekoaz (ez) hitz egitea modu lasai eta irekian, bere ‘gorritasuna’ ukatzea, zikintzat hartzea… Abestia ez da trauma baten deskribapena, ahalduntze prozesu batena baizik. Horrela azaldu genion galdetu zigun mutilari, eta balio izan zuen ‘hilerokodunon’ errealitatea ezagutarazteko”.

Zarauzko laukoteak joan zen urtean kaleratu zuen Magenta diskoa. Arrasateko Shot! estudioan grabatutako zazpi abesti jaso zituzten bertan.