Imanol Urbieta zenari eman diote Merezimenduzko Argia Saria

Zarauzko hitza 2017ko urt. 27a, 17:37

Urtzi Odriozola zarauztarrak Interneteko Argia saria jaso du, Game Erauntsia komunitatearen bidez "bideo jokoen esparru globalizatuan euskarari tokia egiteagatik".

Gaur Argia Sariak eman dituzte Usurbilgo Atxega jatetxean, eta euskal kulturako ehundik gora lagun bildu dira bertan. Aurtengo Argia Merezimenduzko Saria Imanol Urbieta zenari eman diote, "haur kantugintzan eta hezkuntzan egindako lanarengatik". Kontxi Aizarna alargunak parte hartu du sari-banaketan, eta bere hitzek bertaratu direnak hunkitu dituzte.

Urbietaz gain, beste zarauztar bat ere saritu dute aurtengo Argia Sarietan. Urtzi Odriozola zarauztarrak jaso du Internet arloko saria, Game Erauntsia bideo jokoen euskal komunitatearekin, "bideo jokoen esparru globalizatuan euskarari tokia egiteagatik".

Argia Sariekin Euskarazko komunikazioan nabarmendutako ikus-entzunezko, irrati, prentsa-idatzi, internet eta sustapen-ekintza proiektuak saritzen dituzte urtero. Gainera, komunikabidetik azaldu dute, Argia-ko lantaldeak egoki ikusten duenean, merezimenduzko saria ere ematen dutela euskal kulturan nabarmendu den pertsona edo proiektu bat omentzeko; aurten Imanol Urbietarentzat izan da sari hori.

Arduradunek agerraldian azaldu dute Argian, aldaketen garai honetan, gehien baloratzen dutena "eztabaida da, dialektika, ereduen konfrontazioa" dela.