Zarauzko hiru taldek parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan

Gipuzoako Herriarteko Bertso Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur Azpeitian

Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua “bultzatu, indarberritu eta ikusarazi” nahi dute Gipuzkoako bertso mugimenduko kideek eta Bertsozale Elkarteak. Guztira 38 taldek parte hartuko dute.

Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketa jokatuko dute datorren ostiralean –otsailak 3– hasi eta maiatzaren 27ra bitartean.  Gipuzkoako 38 taldek parte hartuko dute denera, eta horietatik hiru zarauztarrak izango dira. Azkoitian, Lasarten eta Zarautzen izango dira lehen saioak, eta maiatzaren 27an amaituko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan egingo den finalarekin.

Gipuzkoako bertso mugimenduko kideek antolatu dute txapelketa Bertsozale Elkartearekin elkarlanean; herriarteko lehiarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua “bultzatu, indarberritu eta ikusarazi” nahi dutela azaldu dute gaur, Azpeitian egin duten Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako aurkezpenean. Gainera, parte hartzaile guztien txapelketa izango dela ere nabarmendu dute: “Lehiatik baino gehiago izango du gozamenetik, eta jokotik baino gehiago jolasetik”. 

Lau fase

Herriartekoak honako lau fase hauek izango ditu:

-Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dituzte. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.

-Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.

-Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.

-Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Zarauzko taldeak

-Hitza ote hitza? (Zarautz): Beñat Jauregi (bertsolaria), Markel Eizagirre (bertsolaria), Joritz Bastarrika (bertsolaria), Ane Peñagarikano (bertsolaria), Elisa Iztueta (ordezkaria) Maite Aizpurua (gai-jartzailea) eta Unai Muniain (epailea).

-Tulipanak (Zarautz): Oier Aizpurua (bertsolaria), Aitor Urbieta (bertsolaria), Hodei Iruretagoiena (bertsolaria), Araitz Muguruza (epailea), Ibon Aristi (gai-jartzailea) eta Esther Iztueta (ordezkaria).

-Ran rober ran (Zarautz): Itziar Unanue (ordezkaria), Xabier Etxeberria (epailea), Ion Zaldua (gai-jartzailea), Felix Zubia (bertsolaria), Iñigo Manzisidor (bertsolaria) eta Nahikari Gabilondo (bertsolaria).