TAO zerbitzuan «hobekuntzak» egingo dituzte udaberri alderako

Aiora Larrañaga Solaberrieta-Amaia Ventas Aldabaldetreku 2017ko urt. 31a, 09:00
Aparkaleku arautuen makina, Bizkaia kalean (Aiora Larrañaga Solaberrieta).

Behin behinean eta gehiengoz onartu dute egungo sisteman aldaketa batzuk egitea, besteak beste, Alde Zaharrean TAO urte osoan izatea eta ordutegia zabaltzea

Hainbat aldaketa egingo dituzte egungo TAO ordenantzan, «zerbitzu egokia eta erraza bermatzeko». Maite Garrastazu eta Jesus Arana Mugikortasun eta Ogasun zinegotziek jakinarazi dute herritarren eskaerak kontuan izanda eta haiengan pentsatuta egin dituztela hobekuntzak. Hala, besteak beste, aurrerantzean, Alde Zaharrean urte osoan zehar ezarriko dute aparkaleku arautuen sistema, eta ordutegia zabaldu egingo dute, gune horretan sortzen den aparkaleku arazoak saiheste aldera.

Orain arte eguerdian etenaldia izaten zuen zerbitzuak, baina ordenantza berriarekin astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara egongo da martxan. Hala ere, zirkulazio zerga Zarautzen ordaintzen dutenek doan aparkatu ahalko dute 13:00etatik 16:30era.

Bestalde, Foruen kalean errotazio gune berezia atonduko dute, 15 minutuz aparkatu ahal izateko bertan, eta Iturribide kaleko aparkalekuan, erdia izango da errotaziokoa, eta, beste erdia, aparkaleku arrunta. Halaber, Hegoalden leku publikoetan ere TAO jarriko dute.  


Agiria helbideratu

Martxoan jasoko dute herritarrek TAO txartela eskuratu ahal izateko eskaera orria etxean, ordainagiriarekin batera. Hori bete eta 15 egun izango dute ordaintzeko. Berrikuntza gisa, aurten ordainagiria helbideratzeko aukera izango da. «Udaldiko txartela urte guztikoa izango denez, horiek ere martxoan egin beharko dute eskaria, eta eskaera-orriarekin batera ordainketa agiria eman beharko dute». Egoiliarren txartela 30 euro kostako da, eta lehen udaldiko txartela zena 45 euro. Zarautzen etxea dutenei edota errentan bizi direnak eskatu ahalko dute hori, bi kasuetan, herrian erroldatuta ez daudenek, alegia.

Era berean, hobariak eskainiko dituzte autoa garajean uzten dutenentzat. «10.000 auto inguru daude herrian erroldatuta, eta 5.500 aparkaleku ditugu. Horregatik, TAO txartelari uko egin eta beren autoa garajean uzten dutenek hobariak izango dituzte trakzio mekanikodun zergan». Neurri hori 2018tik aurrera martxan jartzea aurreikusi dute.


Gehiengoz onartuta

Urtarrileko udal osoko bilkuran, pasa den ostegunean, onartu zuten egungo aparkaleku sisteman aldaketak egitea, gehiengoz.  EAJk eta PSE-EEk babestu zuten proposamena, eta EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek kontra bozkatu zuten. EH Bilduko Mikel Goenagak adierazi zuen koalizioak TAO sisteman hainbat aldaketa egin zituela aurreko agintaldian, mugikortasun hierarkia jakin bati jarraituz —lehentasuna oinezkoei, ondoren bizikletei, gero garraio publikoari eta azkenik autoei emanaz—. Udal Gobernua osatzen duten alderdiak «oso kritikoak» izan zirela gogoratu du, baina orain neurri horiek mantendu edota ñabardura batzuk egin dizkiela.

Hartutako neurri batzuk egokiak iruditzen zaizkien arren, beste batzuk ez dituzte begi onez ikusten:  baldintzarik jarri gabe, udalerrira lanera datozenei txartelak ematea; herri osoan edozein lekutan aparkatzeko aukera izatea edota beharrezkoak ez diren zerbitzuekin, sistemaren garestitzea, kasu. «Neurri horiekin ez da autoen erabilera murrizten». Alde positiboak izan arren, proposamena ez babestea erabaki zuten.

Irabazi Zarautzeko Ana de Benitok esan zuen herriko aparkaleku arazoa ez dela konpontzen udan TAO herri osora zabalduz edota bertakoentzat aparkalekuak urte osoan orduro atontzearekin. «Pixkanaka, dirua lortzeko makina bihurtu da». Haren arabera, udal gobernuaren proposamenak ez ditu konpontzen mugikortasun eta aparkaleku arazoak: «Zarauztarrok diru gehiago ordaintzea besterik ez da lortzen eta kudeaketak hainbat kexa ekarri ditu». Zerbitzuaren kudeaketan hainbat puntu «itxi gabe» daudela esan zuen.

Gehiengoz onartuta hilabetez jendaurrean egongo da, eta alegaziorik ez badago, behin betiko onartuko dute. Hala izanez gero, martxotik aurrera egongo litzateke ordenantza berria martxan.
Aurrera begira ere, ordenantza egokitzen joango dira. Zentzu horretan, teknologikoki ere sistema hobetu nahi dute App baten bidez. Dena dela, hori kontratu berria egiten dutenean jarriko dute abian.