TAOko aldaketa nagusiak puntuz puntu

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 31a, 09:00
Foruen kaleko aparkalekuak (Aiora LarraƱaga Solaberrieta).

Hona hemen aldaketen xehetasunak:

  • Lau hilabete osoz martxan. Udako TAO denboraldiak ekainaren 1etik hasi eta irailaren 30era arte iraungo du. Orain arte iraila erdira arte izaten zen.

  • Alde Zaharrean TAO urte osoan indarrean. Orain arte Alde Zaharrean egoiliarren eta errotazio handiko guneak egon dira indarrean. Bertako bizilagunek eskatuta eta udaldiaren ostean, urte osora zabalduko dituzte araututako gune arruntak. Horregatik, udaldiko txartela zena (Zarautzen bigarren etxean dutenen edo herrian errentan zeudenen eskura zegoena), urte guztikoa bihurtuko da.

  • Foruen kalea errotazio gune berezia bihurtuko da. Gehienez 15 minutu utzi ahal izango da autoa bertako zortzi aparkalekuetan, kudeaketa azkarretarako, zamalanetarako eta dendetarako. 
     
  • Iturribide kalea, errotaziokoa eta TAO gune arrunta. DIA saltokiaren aurreko aparkalekua orain arte errotazio handiko gunea izan da, baina aurrerantzean aparkalekuaren erdia errotazio handikoa izango da, eta beste erdia TAO gune arrunta.

  • Kortazar eta Eguzki Izar eremuetan, TAO biguna. Ekainean egindako aldaketekin jarraituz, udako prestatzen ari diren aparkalekuetan TAO biguna ezarriko dute. Autoa gune horietan egun erdiz aparkatzeko 2,5 euro ordaindu beharko da, eta 5 euro egun osoan aparkatzeko. 09:00etatik 20:30era egongo da martxan TAO, eta 24 orduz izango dira irekita guneak.

  • Eguerdiko etenaldia, zirkulazio baimena Zarautzen ordaintzen dutenentzat. Orain arte eguerdian etenaldia izaten zuen TAO zerbitzuak, baina aurrerantzean TAO gune arrunta astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara egongo da martxan, eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara. Dena dela, 13:00etatik 16:30era bitartean, ibilgailuaren zirkulazio baimena Zarautzen ordaintzen dutenek doan aparkatu ahal izango dute TAO gune arruntean. Horretarako txartela atera beharko dute makinan.

  • TAO jarriko dute Hegoalden. Mitxelena eta Araba kaleen, Suhiltzaileen egoitzaren eta Maxi Eroski saltokiaren artean dagoen eremuko gune publikoetan TAO sistema ezarriko dute.

  • Egoiliarren bereizgarriak. Aurrerantzean txartel guztiak urtekoak izango dira; udakoak desagertu egingo dira. Egoiliarrek 30 euro ordaindu beharko dute txartel bakoitzagatik —lehen txartel bakoitzak bere prezioa zuen—, eta bizilekuko hiru eskatu ahalko dira. Euren eremutik kanpo, beste egoiliar gune batean ordubetez doan aparkatzeko aukera dute. Egoiliarren guneak 24 orduz egongo dira araututa.

  • Etxejabe eta errentarien bereizgarri berriak. Udako txartela desagertuta, txartel berriak sortu dituzte; aurrez ez egoiliarren txartela bezala ezagutzen ziren. Herrian erroldatuta ez, baina etxea udalerrian dutenek edota errentan —gutxienez 15 egunez— bizi direnek eskuratu ahalko dute. 45 euro kostako da bakoitza.

  • Langile eta autonomoen txartelak. Bereizgarri berezia jasoko dute udalerrira lanera etortzen direnek. Enpresak idatzi bat egin beharko du, egunak eta ordutegiak zehaztuz.  Horiek ez dira baliagarriak izango asteburuetan.