Astelehenean hasiko dira Igerain-Gain parkea estaltzeko obrekin

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 3a, 16:00

13 aste iraungo dute obrek eta udaberrirako prest egongo da.

"Euria dugun egunetan etxeko txikiek euren kasara jolasean ibiltzeko gune estalien gabezia handia dago", ohartarazi du Xabier Txurruka alkateak. "Zarauztarrek udalera askotan zuzendutako eskaera bat da, eta azkenean, hilabete batzuen buruan, errealitate izango da, gobernura iritsi ginenean hartu genuen konpromisoa betez". Hala, astelehenean hasiko dira Igerain-Gain parkea estaltzen, eta 13 astez obretan egon ondoren, udaberrirako prest egongo dela aurreikusi du. Altuna y Uria enpresa arduratuko da lanez, 311.671,17 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

Udalak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren diru-laguntza jaso du; Hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programaren barruan, 36.600 euroko diru-laguntza eman dio udalari. 

Hasierako proiektuak hainbat aldaketa izan ditu: batetik, iparraldean orma bat gehitu diote eta bestetik, hustubideak eta zimendatzeak sinplifikatu dute. Horretaz gain, zabalera doitu diote, eta ondorioz, zuhaitz ilara bat ez dute moztu beharko.