Otsailaren 13an hasiko dira Santa Klarako azpiko pasabideko obrekin

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 5a, 17:00
Santa Klara azpiko pasabidearen fotomuntaketa.

Aurrez, hilaren 9an, Xabier Txurruka alkatea eta Eusko Trenbide Sareko ordezkariak bizilagunekin bilduko dira, aurrera begirako pausoak azaltzeko.

“Gaur egun ehunka lagunek gurutzatzen dute egunero pasonibela arrisku handiarekin eta hori ekidin behar dugu. Zoritxarrez, hildakoak eta zauritu larriak ere izan ditugu. Horrelakorik berriro ez gertatzeko, Gobernura iritsi ginenetik lanean aritu gara proiektu hau aurrera ateratzeko", adierazi du Xabier Txurruka alkateak. Hain zuzen, datorren otsailaren 13an hasiko dira lanekin. Jakinarazi dute aste honetan bertan hasi direla lanak egingo diren gunetik gertu dauden etxebizitzen azterketa teknikoak egiten.

Helburua egungo pasabidearen ordez, lurpeko bat sortzea da. Ormigoi armatuzko kaxoi bat egingo da, eta San Frantzisko zein Santa Klara kaleen egungo kotaren eta kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko aldapa zein eskailerak egingo dituzte. Beste aldera, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikiko dituzte, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara jo ahal izateko.

"Eskaera historikoa" dela gogoratu du Txurrukak, eta horregatik, "errealitate bihurtzeko Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera ona eta inplikazioa" eskertu ditu. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura saileko erakundeak abenduan eman zion Zubieder S.L., Mariezcurrena S.L., ECISA eta Compañía General de Construcciones S.A. enpresek aldi baterako osatutako elkarteari obrak egiteko ardura. Eusko Jaurlaritza izango da ere obraren aurrekontu osoa (1.933.815,28 euro) bere gain hartuko duena, hiriguneetan dauden eta trafiko intentsitate handia jasaten duten trenbide pasaguneak pixkanaka kentzeko Euskal Trenbide Sareak aurrera daraman politikaren barruan.

18 hilabetez, obretan

Lanek 18 hilabete iraungo dutela aurreikusi dute, eta denbora horretan itxita egongo da bidea. Alde Zaharrera joan nahi dutenek Bizkaia kalea erabil dezakete ordezko bide gisa. Obrarako biltegia Astazubin jarriko dute eta lanetarako etxolak Salberdingo aparkalekuko zati batean. Lanek eragin dezaketen eragozpenengatik, alkateak barkamena eta ulermena eskatu du. Gogoratu du “legealdiko proiektu estrategietako bat” dela, "zarauztarron bizitza kalitatea eta mugikortasuna hobetuko duelako".

Horrez gain, komunikatzaile bat izango da gunean bertan atonduko duten informazio puntuan, bizilagunen zalantzak argitzeko.

Aurrez, bilera bizilagunekin

Obrekin hasi aurretik ere, horien nondik norakoak azalduko dizkiete bizilagunei. Horretarako, bilera bat deitu dute. Ostegunean izango da, udaletxeko areto nagusian, 18:00etan. Bertan Txurrukak eta Eusko Trenbide Sareko teknikariek datozen 18 hilabeteetarako aurreikusitako lanen hasiera bateko plana azalduko diete. Horrekin batera, kaleak nola itxiko diren, zamalanetako gunean zein eragin izango duten eta egun obrak egingo diren gunean dauden hondakinen edukiontzien inguruan ere ariko dira, besteak beste.