Akrobazien dantzak

Aritz Mutiozabal 2017ko ots. 10a, 00:01
Warda Mallal dantzari eta irakaslea bere estudioan (Aritz Mutiozabal).

300 lagunek parte hartuko dute igande honetan VI. Hip-Hop Gipuzkoa Txapelketan. Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dute 16:00etatik aurrera, eta 2.000 euro banatuko dituzte saritan.

Zarautzen dantza estudioa duen Warda Mallal dantzari eta irakasle oriotarraren ekimenez sortu zen Hip-Hop Gipuzkoa Txapelketa. Aurten seigarren urtez antolatu du, eta hirugarren aldiz Zarautzen egingo dute; aurretik, Donostian eta Orion ere egin dira. Igandean jokatuko da Aritzbatalde pilotalekuan, 16:00etan hasita, eta Euskal Herri osotik etorritako 300 lagunek parte hartuko dute, hainbat kategoriatan.

Ekitaldiak arrakasta izan ohi du urtero-urtero, eta aurten ere bide beretik doa. Parte-hartzea nabarmena izateaz gain, ikusle andana bilduko du. Izan ere, txapelketa ikusteko sarrerak agortuta daude jada; 840 lagunentzako tokia dago frontoian, eta guztiak saldu dituzte.

«Estreinako txapelketa oso xumea izan zen, zazpi edo zortzi talderekin bakarrik. Ekitaldi familiarra izan zen, nolabait esateko», gogora ekarri du Mallalek. Donostiako Imanol Larzabal antzokian jokatu zuten, baina bigarren urtean Zarauzko Modelo aretora lekualdatu zuten, eta erantzuna bestelakoa izan zen. «Inguruko dantza eskolak txapelketaren berri izan zuten, eta Gipuzkoan halako egitasmorik ez zegoenez, parte-hartzea ikaragarri igo zen. Ezusteko atsegina jaso nuen, nahiz eta pixka bat gainezka ibili ginen».

Mallalek aditzera eman duenez, kalitate handiko dantzariak eta koreografiak ikusteko aukera eskaintzen du egitasmoak. «Sekulako hip-hop maila dago Euskal Herrian, eta ez dio Espainian dagoen mailari inolako inbidiarik». Aitzitik, Urola Kostan gabezia dagoela azpimarratu du, eta igandean ordezkaritza eskasa izango duela. Hain justu ere, bere estudioko ikasleek osatutako Dark Princess taldeak hartuko du parte, junior mailan.

Guztira, 2.000 euro banatuko dituzte saritan, eta talde onenak ebazteko orduan, koreografia, koordinazioa, eszenaratzea eta makillajea hartuko dituzte kontuan. Sariak sari, inportanteena ongi pasatzea dela adierazi du antolatzaileak, eta esperientzia bera bizitzea.


Epaimahaia profesionala

Ohi bezala, dantzari profesionalez osatutako epaimahaikideak izango dituzte aurten ere: Omar Fernandez eta Nito; Fama, ¡a bailar! telesaioko irakaslea eta lehiakidea, hurrenez hurren. Biek ala biek masterclass saioak ere emango dituzte asteburuan; Omar Fernandezek larunbatean, Donostian, eta Nitok igandean, Zarautzen bertan, Warda Mallalen estudioan. Fernandezen saiorako plazak beteta daude eta bigarren saio bat antolatzeko asmoa dute. Bestalde, Hip-Hop Gipuzkoa txapelketa Ander Iruretagoiena aktore zarauztarrak aurkeztuko du.