Herriartekoa, «giro ederrean»

Ostiralean, Zarauzko Txiki Polit jatetxean egin zuten bertso saioko irudi bat (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Gaur, bihar eta etzi izango dira Gipuzkoako Herriarteko Bertsolaritza Txapelketako hurrengo saioak, bi eskualdean: Azpeitiko Sanagustinen, bata, eta Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, bestea.

Hasiera «ona» izan du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak, partaidetzagatik zein sortutako giroagatik. Ostiralean eman zioten hasiera, «giro ederrean», hiru saiorekin: Azkoitian, Zarautzen, eta Lasarte-Orian.
150 bat lagun bildu ziren Azkoitiko Zurt tabernan, etxeko Erniarraitz 3 eta Orioko Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu taldeen artekoa bertatik bertara jarraitzeko. Etxekoek ezin izan zioten bisitariei aurrea hartu. Hala, Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Imanol Lizarazu oriotarrak nagusitu ziren, Azkoitiko Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Eneritz Artetxeren aurka.

Zarauztarrek, ordea, bai: etxean gailendu ziren. Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzisidor Mantxi eta Felix Zubia Ran rober ran taldeko kideek Oñatiko Txinparta taldeko Maider Arregi, Urko Arregi eta Gontzal Belategi izan zituzten aurrez aurre. Txiki Polit taberna leporaino bete zuten; 90 bat lagun bertaratu ziren.
Aiarrek, berriz, Lasarte-Orian izan zuten hitzordua, Arrieskalleta elkartean. Bertso afari formatuan jardun zuten Aia eta kitto taldeko Aritz Hernandez, Ekaitz Arruti, Jokin Zumeta eta Iñaki Gurrutxagak Lasarte-Oriako bertso eskolako Unai Muñoa, Patxi Etxeberria, Asier Azpiroz eta Ane Labakarekin bertsotan, 25 bat pertsonen aurrean. Kasu horretan ere, ordea, etxekoek ez zuten lortu Aiako bertsolariei gailentzea.


Asteburuan, saio gehiago

Asteburu honetan jarraituko dute herriarteko bertso saioekin. Guztira, sei izango dira gaurtik igandera, horietatik hiru eskualdeko partaideekin. Gaur Erniarraitz 1 taldeko azpeitiarrek, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria eta Jokin Urangak Oiartzungo Lexoti taldeko Ander Lizarralde, Jon Otegi eta Jokin Irastorza izango dituzte aurrez aurre. San Agustinen izango da, 21:00etatik hasita, eta aurrez, bertso afaria egingo dute. Txartelak Azpeitiko kulturgunean bertan eta Orkatz tabernan eros daitezke , 20 eurotan.

Ordubete geroago hasiko dute Zarauzko Putzuzulo gaztetxean saioa, 22:00etan, hain zuzen ere. Hitza ote hitza taldeak —Beñat Jauregi, Markel Eizagirre, Joritz Bastarrika eta Ane Peñagarikanok osatzen dute— etxean hartuko dituzte Gabiriako Osinalde taldeko Aratz Igarzabal, Endika Igarzabal eta Gorka Maiz. Zarauzko Arraio irratiak zuzenean emango du bertso saioa.

Igandean, berriz, Astigarragako Zipotza elkartean jarri dute hitzordua, 18:00etan. Astigarraga —Urko Casado, Iker Goñi eta Agin Laburu— eta Zarauzko Tulipanak taldeak— Oier Aizpurua, Aitor Urbieta eta Hodei Iruretagoiena bertsolariak—  nor baino nor ariko dira aste honetako herriarteko txapelketako azkenengo saioan. Hori amaituta, afari-merienda eskainiko diete Zipotza elkartera bertaratzen diren guztiei.