Santa Klarako pasabidea itxiko dute asteartean, lur azpikoa egiten hasteko

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 10a, 17:00
Proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten Xabier Txurruka alkateak eta ETSko zuzendari tekniko eta obrako zuzendari Alvaro Moralek (Zarauzko Udalak).

Lanek 18 hilabete iraungo dute, eta bitarte horretan itxita mantenduko dute bidea. Horrez gain, hainbat aldaketa eragingo ditu, eta horien berri eman zieten herritarrei atzo udaletxean eginiko bileran.

Asteartean itxiko dute Santa Klarako trenbide gaineko bidea, lur azpiko igarobideko obrekin hasteko. Joan den astean ekin zion Asmatu ingeniaritzak lanak egingo diren gunetik gertu dauden etxebizitzen azterketa teknikoak egiten, eta horretan jarraitzen duela jakitera eman dute. Baina obrekin hasi aurretik, bizilagunekin elkartu ziren Zarauzko alkate Xabier Txurruka eta Euskal Trenbide Sareko zuzendari tekniko eta obrako zuzendari Alvaro Moral proiektuaren nondik norakoak eta hemendik aurrerako pausoak azaltzeko. Bilera atzo arratsaldean egin zuten, interesa agertu zuten herritarrez betetako udalbatzar aretoan, eta datozen hilabeteetan herritarrengan eragina izango duten aldaketak azaldu zituzten.

  • Obrak 18 hilabetez luzatuko dira, eta bitartea horretan pasabidea itxita mantenduko dute, oinezkoen eta obrako langileen segurtasuna bermatzeko. Aurrerantzean, beraz, pasabideko erabiltzaileek ezingo dute trenbidea zeharkatu Alde Zaharrera edo Azken Portura joateko, eta Bizkaia kalea erabili beharko dute horretarako. Trenak normaltasunez ibiliko da, baina azpiegitura batzuk desbideratuko dira, ura, elektrizitate, telekomunikazio eta saneamendu kanalizazioak pasatzeko. Pasabidea ixtea ez dela "kapritxo bat" adierazi zuen alkateak:"Eragozpenak eragingo dituela ulertzen dugu, baina obra segurtasunez eta neurri guztiak errespetatuz burutu behar da”.


  • Lagunak jatetxeko eta San Frantzisko kaleko bidegurutzean dagoen zamalanetarako gunea uda bitartean mantenduko da, eta ondoren, unean-unean erabili ahalko da. Bidea Lagunak parean itxiko da.

  • Salberdingo aparkalekuranzko bidea itxiko da, eta obrarako sarbidea Otzarreta jatetxe parean ezarriko da. Kokaleku honetan itxidura garden bat jarriko dute, baina eskaratzetara eta Santa Klarako elizara joateko bide bat gaituko da, Azken Portu aldetik.

  • Herrikobarra eta San Frantzisko kaleen bidegurutzean dauden hondakinen edukiontziak Dia supermerkatuko aparkalekura mugituko dira. Edukiontzi horien erabiltzaileei eskatu diete kokaleku berria errespetatu dezaten euren etxebizitza eta establezimenduetatik hondakinak ateratzerakoan, herriko beste guneetan hondakinak pilatu ez daitezen.

  • Obrako biltegia Astazubi plazan kokatuko dute, eta lanetarako etxolak Salberdingo aparkalekuko txoko batean atonduko dituzte; aparkalekuko zortzi leku hartuko dituzte.

Zubieder S.L., Mariezcurrena S.L., ECISA eta Compañía General de Construcciones S.A. enpresek aldi baterako osatutako elkarteak egingo ditu obrak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak bere gain hartuko du izango da ere obraren aurrekontu osoa (1.933.815,28 euro), hiriguneetan dauden eta trafiko intentsitate handia jasaten duten trenbide pasaguneak pixkanaka kentzeko Euskal Trenbide Sareak aurrera daraman politikaren barruan.

Teknikariek azaldu zuten bezala, betoi altzairudun kaxoi bat egingo dute lur azpiko igarobidea eraikitzeko. San Frantzisko zein Santa Klara kaleen egungo kotaren eta kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko aldapa zein eskailerak egingo dituzte. Beste aldera, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikiko dituzte, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara jo ahal izateko. Atzoko bileran sortu zen kezketako bat izan zen pasabidetik bizikletaz pasatzeko aukera izango ote den ala ez. Alkateak erantzun zuen erabiltzaileak bizikletatik jaitsi beharko dutela, oinezkoen eta txirrindularien arteko errespetua sustatzeko. Horren harira, “zentzuz” jarduteko eskatu zuen.

Igarobide berriak Santa Klara inguruko urbanizazioa berritzea ekarriko duela nabarmendu zuen, gainera: "Ideia nagusia da agintaldi amaierarako Astazubi plaza Santa Klara, San Frantzisko eta Zigordia kaleekin lotzea, galtzada-harrizko zoruarekin. Dena oinezkoentzat bihurtuko da, Zigordia kalean bezala. Hau guztia, ostalaritzarentzat eta merkataritzarentzat onuragarria izango dela uste dugu, baita zarauztarrentzat ere".


Informazio gunea, komunikatzaile batekin

Euskal Trenbide Sareak obra hau baliatuko du proba pilotu bat martxan jartzeko. Informazio gune bat ezarriko dute Herrikobarra kaleko 34. zenbakian, eta Aitor Elizasu teknikaria eta komunikatzailea egongo da bertan. Herritarren kezkak argitu eta iradokizunak jasoko ditu obrak irauten duen bitartean. Berarekin harremanetan jarri daiteke 683-49 21 96 telefono zenbakira deituta.