Bihar argitaratuko dituzte Aldapetako etxeen zozketarako behin behineko zerrendak

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 14a, 15:22

493 eskaeratatik 422 onartu dituzte. Hilabetez egongo da behin behineko zerrenda jendaurrean.

Aldapetan egitekoak diren 30 etxe tasatuen zozketarako behin behineko zerrendak bihartik aurrera egongo dira ikusgai. 493 lagunek eman dute izena Vista Alegre eta Santa Ana egoitzaren arteko partzelan Visesa eraikitzekoa den etxebizitzak eskuratu ahal izateko. Zerrenda hori gainbegiratu ondoren, 422 eskaera onartu dituzte; izan ere, 35 eskatzailek ez zuten Etxebideko baldintzak betetzen, eta beste 36k erroldaren baldintza ere ez.

Zerrendak Etxebideren atarian, Zarautz Lurren bulegoan (Salegi kalea, 14) edota Zarauzko Udaleko web orrian egongo dira ikusgai bihartik aurrera. Hilabeteko epean, zerrendak berraztertu eta, alegazioak egonez gero, horiek erantzungo dituzte. Behin denbora hori pasatutakoan, behin betiko zerrenda kaleratu, zozketarako deialdia egin eta esleipen prozesua nola burutuko duten zehaztuko dute.

"Etxebizitza publiko hau sustatu eta errealitate izateko esan genituen epeak betetzen ari gara", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. Horregatik, Visesak proiektua aurrera eramateko izan duen "interesa" eskertu du alkateak.

Prezioak, zehaztuta

Behin behineko zerrenda kaleratzeaz gain, etxe tasatu horien behin betiko prezioa ere zehaztu du Visesak. Bi etxe gordeko dituzte elbarrientzat, bi logelakoak, eta 219.688,46 euro balioko du bakoitzak. Gainontzekoak, hiru logelakoak, azaleraren araberako prezioa izango dute: 219.277,88 euro;  228.819,14 euro edo 232.788,14 euro. 

Atikoan, hiru etxe egingo dituzte, bi logelako bi eta bestea hirukoa. Bi logelakoak 186.792,63 eurotan ala 191,045,13 eurotan salduko dituzte eta hiru gela dituena, berriz, 202.409,60 eurotan. Ohartarazi dute 30 etxe tasatu horien prezioari BEZa eta aparkaleku (16.300 eta 25.500 euro artean) zein trastelekuen (4.875 eta 9.005 euro artean) kostua gehitu behar zaiela.

Aldapetako obrak urte honen bukaeran-2018ko hasieran hasi eta etxebizitzak 2019an jabeei entregatzea aurrikusi dute. 30 etxe tasatuez gain, beste 20 egingo dituzte, alokairura bideratzeko. Horiek, ordea, obrak amaitzean zozkatuko dituzte.