Sandy eta Danny zarauztarrak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko ots. 16a, 11:06
Konpartsako parte-hartzaileak dantzan, aurreko larunbateko saioan. (Aritz Mutiozabal)

Lehenbiziko aldiz, inauterietako konpartsa izango da, hilaren 25ean. Marisa Merino dantza eskolako kideen gidaritzapean, 70 lagunetik gora aterako dira dantzara.

70eko hamarkadako film esanguratsuenetako baten eszenatoki bilakatuko da Zarautz Inauteri Egunean: Greaseko dantzak, abestiak eta estetika Alde Zaharrean zehar barreiatuko dira datorren larunbatean zortzi, hilaren 25ean. Zarauztarrak, Sandy Olsson, Danny Zuko eta haien kuadrillako kideen paperean, kaleak girotuko dituzte, lehenbiziko aldiz osatutako Inauterietako Konpartsarekin.

 Aurten, inauteriak indartzeko asmoz, Zarauzko Udaleko Turismo sailak herriko dantza eskolei konpartsa bat aurrera eramateko proposamena egin die, eta Marisa Merino dantza eskolak hartu du ardura hori. Izan ere, eskolako ordezkariek akademia bera ezagutarazteko duten asmoekin bat dator aukera hori. «Guk, gure aldetik, dantza akademia ezagutarazteko ekitaldiak antolatzeko gogoa geneukan. Urte mordoa daramatzagu eskolak ematen, baina jendeari, agian, kosta egiten zaio bertara etortzea», adierazi du Joana Merinok. Hala ekin zioten dantza eskolako bi koreografok, Merinok berak eta Jasmilka Rodriguezek, konpartsa prestatzeko lanei.

Dantzaldi ibiltaria antolatzen duten lehenbiziko urtea dela kontuan izanda, eta antolatzeko denbora gutxi zutela jakinda, gai «erraz eta ezagun bat» aukeratu dute: 1950eko hamarkadan girotutako Grease musikala. «Guk aurrez ere eginda genuekan zerbait film horren inguruan. Era berean, jende askok dauka ikusita filma. Horregatik, aproposa iruditu zitzaigun lehenbiziko konpartsa honetarako».

Parte-hartze handia

Gaia aukeratuta, abenduaren 11n zabaldu zuten izena emateko epea. «Ez genekien zerrekin egingo genuen topo», aitortu du Rodriguezek. «Hasieran, pentsatzen genuen akademiako ikasleek soilik emango zutela izena, 20 bat lagunek», gaineratu du Merinok. Izan ere,  Zarautzen halako ekintzak egiteko «ohitura handiegirik ez» dagoela dio. «Duela urte batzuk, ni Getariako konpartsaz arduratzen nintzen. Urte askoko ibilbidea du horrek, eta herri osoak parte hartzen du. Halako ideietara irekiago daude Zarautzen».

Horregatik, «sorpresaz» hartu zuten 4 urtetatik hasi eta 60 urtera bitarteko ehun bat pertsonak parte hartzeko asmoa zutela jakin zutenean. Entseguetara jende gutxiago azaldu bada ere—76 bat lagun—, «arrakasta handia» izan duela nabarmendu dute biek ala biek, jendeak «oso ongi» erantzun du. «Oso polita da ikustea adin ezberdinetako herritarrak energia eta gogo guztiarekin elkarrekin dantzan. Giro izugarria sortzen da», adierazi dute bi koreografoek.

Abenduan asteburu batean hasi ziren entseguekin, Gabonetako oporren aurretik, eta beste bina egin dituzte urtarrilean eta otsailean. Filmeko kanta ezagunenak aukeratu eta bost koreografia prestatu dituzte, guztira, hamar minutu irauten dutenak. «Oso ongi hartu dituzte koreografiak parte-hartzaileek, uste baino errazago barneratu dituzte dantzak», diote.

Hilaren 25ean horiek behin eta berriz errepikatuko dituzte Zarauzko erdigunetik egingo duten ibilbidean, bi orduan zehar. Parte-hartzaileak filmeko pertsonaiez mozorrotuta joango dira, eta ilaran joango dira Alde Zaharreko txokoak alaituz, musikak lagunduta.

Jarraitzeko asmoarekin

Asteburu honetan dute azken entsegu eguna. «Dagoeneko guztia prestatuta dago, orain bakarrik geratzen da kalera atera eta ongi pasatu eta jendeari ongi pasaraztea», nabarmendu du Rodriguezek.  Hori baita helburua: parte-hartzaileek eta ikusleek egitasmoarekin gozatzea.

 Zentzu horretan, udalari eskerrak eman dizkiote ideia hori bultzatu eta eurei «dantza kalera ateratzen laguntzeagatik».  Aurten herritarrengandik izandako erantzuna ikusita, datorren urtera begira ikuskizunari jarraipena emateko asmoa dute. «Jendea gustura dago, eta gu ere bai. Lehenbiziko urteko esperientziarekin, datorren urtera begira, konpartsa zuzentzen jarraitzea gustatuko litzaiguke, are biribilagoa eginez».

Erlazionatuak