Aurrera doa Gipuzkoako Herriartekoa

Hitza ote hitza? (Zarautz) eta Osinalde (Gabiria) taldeak (Gipuzkoako Herriartekoa).

Hitza ote hitza?-k galdu egin zuen Putzuzulon; Tulipanaka taldeak, aldiz, irabazi Astigarragan. Asteburu honetan, Zarauzko hiru taldeek izango dute saioa; aipatutako biez gain, Ran rober ranek ere bai.

Gipuzkoako Herriarteko lehen faseak martxa ona hartu du, eta asteburuz asteburu ikusle ugari gerturatzen ari da han-hemen jokatzen ari diren saioetara. Aurreko ostiralean, esaterako, 60 bertsozale inguru bildu ziren Putzuzulo gaztetxean, Hitza ote hitza? (Zarautz) eta Osinalde (Gabiria) taldeen artekoaz gozatzera. Etxeko taldean Joritz Bastarrika, Markel Eizagirre eta Beñat Jauregi jardun ziren kantuan, eta gabiriarren taldean, berriz, Aratz Igarzabal, Gorka Maiz eta Endika Igarzabal; Maite Aizpuruak egin zituen gai-jartzaile lanak. Osinalde izan zn saioko garailea, 17 punturekin; Hitza ote hitza? taldeak 7 puntu lortu zituen.

Igandean, Astigarragako Zipotza elkartean jokatu zen Astigarragaren eta Zarauzko Tulipanak taldearen arteko norgehiagoka, 40 bat lagunen aurrean. Zarauztarren oholtzan egoten jakiteak eta tartekako txispazoek erabaki zuten saioa. Izan ere, bi taldeak parekatu samar aritu ziren denbora osoan. Azkenean, Tulipanak nagusitu zen 13 punturekin, eta Astigarragak 11 puntu lortu zituen.

Asteburu honetan

Herriartekora aurkeztu diren Zarauzko hiru taldeek saio berri bat izango dute asteburuan. Larunbatean izango dute hitzordua Ran rober ran eta Hitza ote hitza? taldeek, biek ala biek etxetik kanpo. Ran rober ranek bertso afaria izango du Asteasuko Iturri-Ondo tabernan, 21:00etan hasita, Karidadeko bentaren (Asteasu eta Zizurkil) aurka.

Hitza ote hitza?-k, aldiz, Añorgako Jolas Etxea elkartean izango du bertso afaria, bertako taldearen aurka, 21:00etan.

Larunbatean, berriz, Tulipanak taldearen txanda izango da. Hauek etxean jokatuko dute saioa, Gure Kabia elkartean, eta aurrez aurre Xenpelar (Orereta) taldea izango dute. Afaria 21:00etan hasiko da.

Erlazionatuak

Osinalde eta Hitza Ote Hitza taldeen arteko lehia entzungai

Erabiltzailearen aurpegia kultura

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako saioa egin zuten ostiralean, Putzuzulo gaztetxean, eta Arraio Irratiak osorik grabatu zuen.