Kaleratu dute Inauterietako egitaraua

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 17a, 11:25

Hemendik astebetera emango diete hasiera Zarauzko Inauteriei eta igandera arte iraungo dute ekitaldiek.

Udalak publiko egin du aurtengo Inauterietako egitaraua. Erakundeak indartu egin nahi izan ditu jaiok eta horregatik egitarau betea antolatu dute, berrikuntzekin. Besteak beste, aurten txupinazoa botako dute festen hasiera iragartzeko. Larunbat eguerdian izango da hori, Modelotik eta Galtzagorrien eta Haize-orratz gaztelekuko hezitzaileen eskutik. Horrekin batera, konpartsa aterako da lehenbiziko aldiz Alde Zaharreko kaleak girotzera. 17:30ean hasiko dute dantza ibiltaria, Grease filma gaitzat hartuta.

Orduerdi beranduago, Gaztelekuan, Inauteri jaia hasiko dute, eta 19:30ean, berriz, mozorro lehiaketan parte hartu duten koadrilak Musika Plazan elkartuko dira, ondoren egingo den sari banaketarako. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Turismo Bulegoan, edo bestela, egunean bertan, Txiki Polit tabernan.

Gauean bi gunetan banatuko da festa: batetik, Zinema pilotalekuan Oihan Vega disko-jartzailearen emanaldia izango da, eta bestetik, Fan&Go taldearekin dantzaldia, Musika Plazan. 

Igandean ere izango dira ekintzak: 12:00etan kalejira erraldoi, buruhandi eta Dunbots txarangarekin; 17:00etan Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia eta ondoren, berriz, Kantu Kolore haur berbena.