Elkarrekin Podemosek pasabideko obrak aldatzeko eskatu du legebiltzarrean

Zarauzko hitza 2017ko ots. 22a, 17:26
Irabazi Zarautzeko zinegotzi Ana de Benito eta Oihane Delgado, Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezekin, pasabidean (Aritz Mutiozabal)

Legez Besteko Proposamena aurkeztu du, Irabazi Zarautzek hala eskatuta, proiektuak "irisgarritasun unibertsala" eta "genero ikuspegiko hiri-diseinu irizpideak" bermatzen ez dituelako.

Elkarrekin Podemosek Legez Besteko Proposamena aurkeztu du legebiltzarrean, Santa Klaran eraikitzen hasi diren lur azpiko pasabidearen proiektua aldatzeko eskatzeko. Irabazi Zarautz koalizioaren bitartez dator eskaria, proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatuko duelako, eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Jon Hernandezek ondorengoa proposatu dutela azaldu du: 2001eko proiektua –arrapala bidezko sarbide bakarra– berreskuratzea, edo sarbide bakarra izango lukeen beste proiektu bat egitea, "irisgarritasun unibertsala, diseinu unibertsala eta inklusibitatea bermatzeko" eta "genero ikuspegiko hiri-diseinu irizpideak" kontuan hartzeko.

Atzo erregistratu zuten proposamena, eta legebiltzarreko gainerako taldeen babesa lortzen saiatuko direla nabarmendu du Hernandezek. Argi utzi du oposizioa ez dagoela lur azpiko pasagunearen kontra, baina proiektuak jasotzen duen Santa Klarako sarbide bikoitza –eskailera eta arrapala bidezkoa– "diskriminatzailea" dela iritzi diote. Gainera, aldaketa egitea "bideragarria" dela uste dute, "nahiz eta obrak hasita dauden, sarbidea eraikiko den azkenengo zatia izango delako".

Bi arazo eskailerekin

Eskailera bidezko sarbideak bi arazo sortzen dituela diote Irabazi Zarautz udal taldeko kide Ana de Benitok eta Oihane Delgadok. Batetik, "oztopo urbanistiko bat" sortuko dela iritzi diote: "Azken Portutik datorren jendearentzat eskailera hauek izango dira sarbide nagusia, eta horrek ezgaitasunen bat daukaten pertsonak baztertzen ditu. Baita umeen kotxeak, erosketa orgak eta bizikletak erabiltzen dituzten pertsonak ere". Horren harira, gogora ekarri dute Elkartu Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak ere adierazten duela "ez dituela betetzen legezko irisgarritasun irizpideak, ezta diseinu eta sarbide unibertsal irizpideak ere"

Bestetik, "segurtasunaren aldetik begiratuz, puntu beltz bat sortuko da". Sarbidea eskailera bidez egiteak "ikusmen murrizketa" dakarrela adierazi dute, eta alboko arrapalak "norbait ezkutatzeko aukera" sortzen duela. "Proiektu honek ez ditu betetzen Eusko Jaurlaritzak hiri analisiari buruz argitaratutako eskuliburuan jasotzen diren genero ikuspegiko hiri-diseinu irizpideak".

Irabazi Zarautzek dio proiektuarekin aurrera egiteko "alkatearen arrazoi bakarra Santa Klarako merkataritza gunea bermatzeko nahia izan da. Eta gure ustez, arrazoi hori ez da nahikoa irisgarritasun irizpideak eta genero ikuspegiak kontuan ez hartzeko".