Guztia prest Inauterietarako

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 22a, 19:48

Inauteriak indarberritzeko, egitarau betea antolatu dute astebururako.

"Aurten saiakera berezia egin nahi izan dugu Inauteriak indarberritzeko", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziarekin eta Inauterietako eragileekin batera egin berri duen agerraldian. Aitortu du ez dela "lan erraza" izan eta horregatik eskerrak eman dizkie eragileoi. "Zuek gabe ezinezkoa litzateko gure helburua aurrera eramatea", adierazi die Zurekin ostalaritza elkarteko, Haize-Orratz gaztelekuko, Udaberri elkarteko eta Marisa Merino dantza eskolako ordezkariei nahiz aurtengo gonbidatu bereziei ere: Galtzagorriei.

"Bizkorrak, onak eta jostagarriak dira, eta beti daude laguntzeko prest. Eta nola edozein amets gauzatzeko gaitasuna duten, eurek botako dute Inauterien hasierako txupinazoa", adierazi du Txurrukak. Haize-Orratz gaztelekuko hezitzaileekin batera botako dute, Modeloko balkoitik, larunbatean 12:00etan.

Galtzagorriek eta gaztelekuko hezitzaileek botako duten txupinazoaz gain, bestelako ekitaldi berezia ere izango da festa horiek girotzeko: Inauterietako konpartsa. Marisa Merino dantza eskolak bultzatu du, eta Yasmilka Rodriguez eta Joana Merino koreografoak aritu dira dantzak lantzen. Herritarrak Grease filmean oinarratutako mozorroak soinean dituztela, Alde Zaharrean zehar ariko dira dantzan. Larunbat arratsaldean izango da, 17:30etik aurrera. Sorpresak ere izango direla aurreratu du alkateak. Aurten lehenbiziko aldiz antolatu dute konpartsa, eta alkateak espero du "etorkizun luzea" izatea. Rodriguezek herritarrak animatu ditu konpartsa ikustera, "mozorrotuta", "oso animosoa" izango delako.

Bestalde, urtero legez, mozorro lehiaketa egingo dute larunbat arratsaldean. Talde parte-hartzaileek kalejira egingo dute, eta hori bukatzean, sari banaketa egingo dute Musika plazan. Lehenbizikoek 250 euro jasoko dituzte, bigarrengoek 150 euro eta hirugarrengoek 100 euro. Lehiaketan parte hartzeko Turismo Bulegoan eman beharko dute taldeek izena aurrez, eta egunean bertan Txiki Politen. Jendea mozorrotzera animatu du Zurekineko Asier Aldalurrek.

Gauerako hiru aukera

Gauez, festarako hiru aukera izango dira; izan ere, alkateak nabarmendu duenez, "festak norberak egiten ditu, baina aukerak izango dira martxarako": batetik, Udaberri elkartean mozorro dantzaldia egingo dute; bestetik, Zinema pilotalekuan Oihan Vega dj-arekin festa izango da eta azkenik, Musika plazan, Fan&Go taldearekin dantzaldia.

Udaberriko kideek adierazi dute "afari dotorea" antolatu dutela larunbaterako. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez direnek, berriz, 30 euro. 50 lagunetik gorak eman dute izena dagoeneko, baina adierazi dute oraindik ere badela lekua batzurentzat. 20:30ean hasiko dira afaltzen eta ondoren dantza egingo dute, 01:30era arte.

Ostiraletik igandera iraungo dute festek eta eragileek nahiz udal ordezkariek herritarrak ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte. "Animatzen zaituztegu mozorrotzera, atera dezagun barruan dugun inauterizalea eta goza dezagun", nabarmendu du Txurrukak.