Bizikletentzako aparkalekuak jarri dituzte Manzisidor kalean

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 5a, 09:00
Manzisidor kaleko bizikleten aparkaleku berriak (Zarauzko Udala).

Oteitza Lizeo kanpoko eskaileren parean kokatuta zeuden edukinontziak mugitu egin dituzte, hartara, bizikleten aparkaleku gehiago ezartzeko.

Manzisidor kaleko norabide aldaketarekin, bizikleta eta motorrak aparkatzeko tokia ahalbidetu zuten Gipuzkoa kalean, Donibane Plaza parean. Hartutako neurria modu positiboan baloratu dute Mugikortasun sailetik; izan ere, Oteitza Lizeoko eta Antoniano Ikastetxeko ikasleek euren bizikletekin betetzen dituzte aparkalekuak. Beharra badela ikusita, bizikleten aparkaleku kopurua ugaritzea erabaki dute Oteitza Lizeo kanpoko eskaileren parean.

Horretarako, berttan zeuden edukinontziak mugitu dituzte. Aldaketa horrek Manzisidor kalearen eta Gipuzkoa kalearen arteako bidegurutzean dagoen oinezkoen pasabideko ikuspena eta segurtasuna hobetuko duela aditzera eman du Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk. Horrez gain, "bizikletentzat aparkalekuak jartzeko aukera ematen du. Izan ere, Oteitza Lizeoko hesiaren aurka gaizki aparkatuta dauden bizikletek oinezkoen bidea oztopatzen dute eta honela, espaloia liberatu egingo da oinezkoak bertatik oztoporik gabe pasa daitezen”.